Gipuzkoako EHBilduk, ohar honen bidez, urriaren 19ko Enirio-Aralar mankomunitateko batzarrean, datorren urterako inbertsio beharren bozketan (gai ordeneko 4. puntua) jazotako desadostasunaren inguruko zenbait azalpen eman asmo ditu:

• Enirio-Aralar mankomunitateko EHBilduren ordezkariek, batzarretan hartu beharreko erabakien inguruko postura komuna zehazteko hainbat lan-bilera egin ditugu azken asteotan, informazio guztia mahaigaineratu, postura ezberdinen inguruko eztabaida sustatu eta erabakiak hartzeko.

• Lan-bilera horietan, beste hainbat konturen artean, zera adostu zen:

◦ Aralarko azpiegituren inguruan sortutako zalantza eta ikuspuntu ezberdinen aurrean, EHBilduk Goroskintxorainora arteko pista soilik eraikitzea hobesten duela (betiere, proiektuaren erredakzio prozedura eta adjudikazio publikoa zorroztasun osoz errespetatu behar direla bermatuaz, asteazkeneko batzarreko 3. puntuan adierazi gisara).

◦ Aurrerantzean eraiki beharreko gainontzeko azpiegitura guztien gaineko erabakiak hartzeko, hausnarketa estrategiko bat egitea beharrezkoa dela, lehentasunezko lanak benetan zein diren erabaki ahal izateko.

• Bi erabaki horien berri, irailaren 15eko mankomunitateko batzarrean eman zen. Eta zehazki, hausnarketa estrategikoaren gaia onartuta geratu zen bertan.

Astezkeneko Enirio-Aralar mankomunitateko batzarrari begira, gai ordenean 2017. urterako inbertsio beharren zerrendaren onarpena bozkatzea planteatzen zela ikusita, zera adostu zuen EHBilduk: zerrenda mahai gainean uzteko eskatzea, eta inolaz ere aldeko bozkarik ez ematea, irailaren 15eko batzarrean onartutako hausnarketa estrategikoa egiteko erabakiarekin kontrajartzen baita hau. Batzarrean ordea, EHBilduren bi ordezkarik ez zuten adostutako jarrera defendatu.

Hori dela eta, EHBilduk honakoa adierazi nahi du:

• Enirio-Aralar mankomunitateari dagozkion gaien inguruko erabakiak ordezkari guztien artean martxan jarritako barne dinamikan eztabaidatuak eta adostuak izan direla.

• Beraz, eztabaida horietan parte hartu duten ordezkari guztien errespetua merezi dutela.

Azkenik, EHBilduk, desadostasunak desadostasun, ulertzen du asteazkeneko mankomunitateko batzarrean bozkatutako zerrendak ez duela zertan hurrengo urteetako Eniro-Aralarko azpiegitura politika baldintzatu, bide gehiago eraikitzeko 2017. urteko aurrekontuetan dagozkion partidak jasotzea onartu beharko baita lehenik, proiektua gauzatu eta bozkatu ostean, lehiaketa publikoa prestatu eta bozkatu, etab.

Beraz, EHBilduk aurrerantzean, irailaren 15eko batzarrean onartutako Aralarren etorkizunari buruzko hausnarketa estrategikoa martxan jartzea defendatzen jarraituko du, eta hau ahalik eta parte hartze zabalenarekin egitea sustatzen jarraituko du, Aralar guztiona dela sinesten dugulako.