Bidegi auzian ikerketa azken muturreraino eramatea eskatu dio gaur EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta justiziari uztea bere lana egiten kanpo presiorik gabe. “Ustezko diru publikoaren xahutzea dagoenean, ezinbestekoa da egia, gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatzea jakiteko benetan zer gertatu den”, adierazi du Iban Asenjo batzarkideak.

Errepideetako foru diputatuak Bidegi auziari buruzko agerraldia izan du gaur Batzar Nagusietan. AP1eko autobidearen obretan egondako ustezko irregulartasunengatik bi kereila jarri zituen Gipuzkoako Aldundiak aurreko legealdian. Foru Gobernuak delitu zantzu oso larriak atzeman zituen eta horren inguruko datu guztiak epaitegira eraman zituen, epaileak aztertu eta gertatutakoa iker zezan. Guztira 30 milioi euroko ustezko diru xahuketaz ari dira bi kereilak, epaitegiek biak onartu, pertsonak inputatu eta Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea lekuko gisa deklaratzera deitu dituzte.

“Arduradun politikoen ardura baita halako zantzuen aurrean kasua epaitegien esku utzi eta bere ikerketa muturreraino eramateko berme izatea. Hori, hain zuzen ere, izan zen EH Bilduren erabakia, arduraz jokatzea eta ikerketa zein epaia epaitegien esku lagatzea. Eta, gainera, berriro egingo genuke. Hori baita normalena, logikoena, herritarrek eskatzen digutena eta Administrazio publiko garden eta zintzo batek egin behar duena”, adierazi du Iban Asenjok. EH Bilduk ordezkariak azpimarratu duenez, “ustelkeria kasuak aztertzen ari direnean, Administrazio publikoak gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatu behar ditu”.

Horregatik, kasu honetan ere, EAJri eskatu dio inpartzialtasuna: “Diputazioak demostratu behar du fidagarria dela, jarrera oztopatzailea alde batera utzi argi gera dadin Foru Gobernuaren jardunaren helburua ez dela EAJko goi karguen defentsa juridikoa antolatzea, baizik eta herritarren interesak defendatzea eta diru publikoaren erabilera zintzoa ziurtatzea”. Zentzu horretan, EAJri eta egungo Diputazioari gaia epaitegien esku lagatzea eskatu du EH Bilduk, ikerketa inolako kanpo presiorik gabe aurrera eramateko. Asenjoren hitzetan, “Administrazio publikoen gardentasunaren aldeko eta ustelkeriaren kontrako oihu soziala dago, eta itzalerako eta susmorako tarterik ezin da egon. Horregatik, EH Bilduk gardentasuna exijituko dio beti edozein gobernuari”. Zentzu honetan, gogoratu du EH Bilduk Ikerketa Batzorde baten irekiera eskatu zuela, Podemosekin batera. EAJ-PSEk Ikerketa Batzordearen irekiera eskaeraren kontra azaldu ziren, eta horrek zalantzan jartzen du Foru Gobernuak. “Horregatik, berriro ere eskua luzatzen dizuegu: Egin dezagun Ikerketa Batzorde bat argitzeko Bidegiko 30 milioi euroko ustezko diru xahuketa, egia jakin nahi dugu. Politikan, ezkutukeria eta opakotasuna ezin baitira onartu”, esan du EH Bilduko ordezkariak.