Donostia, 2016ko urriak 4 - Pasaialdea herrialdeko ingururik andeatuenetako bat da, eta zonalde honetako biziberritze integrala proiektu estrategikoa da Gipuzkoarako. Hortaz, Europak DUSI programaren diru-laguntzak ukatu dituen arren, Pasaiaren biziberritzeak ezin du gehiago itxaron. “Foru Aldundiak ezin du Europako erabakia aitzakia bezala hartu berriro ere proiektua atzeratzeko. Diputazioa ezin da geldirik egon 2020ra arte, hau da, hurrengo diru-laguntza deialdira arte. Arduraz jokatu behar du eta finantziazioa bermatu bere gain hartzen Europak ukatutako laguntzak”, adierazi du EH Bilduko batzarkide Jon Albizuk. Zentzu honetan, Albizuk iragarri du EH Bilduk mozioak aurkeztuko dituela bai Batzar Nagusietan bai Pasaialdeko udaletan: “Aldundiari exijituko diogu 2017ko foru aurrekontuetan gehitu ditzala Pasaialdeko biziberritzerako partida ekonomikoak, lanak atzeratu ez daitezen”.

EH Bilduko ordezkariak gogoratu du krisi ekonomiko larriak oso modu bortitzean eragin duela Oarsoaldean. Gipuzkoako langabezia tasa altuenak pairatzen ditu eta erkidego autonomoko eskualde deprimituenen artean aurkitzen da. Foru Aldundiak, Oarsoaldeako Garapen Agentzia eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalekin batera, europako DUSI diru-laguntza gehigarriak eskatu zituen Pasaiako Badiaren biziberritze integralari ekiteko. Lanek 18 milioi euroko kostua dute, eta Europako programak kopuru horren erdia finantza zezakeen, 9 milioi alegia.

“Duela 7 hilabete, ‘B Plan’ bat eskatu genion Marisol Garmendia diputatuari, konpromiso bat, alegia. Eskatu genion nahiz eta Europa Batasuneko funtsa hori ez eduki, aurrera egiteko konpromiso politiko hartzea, eta Aldundiak bere gain hartzea Europak ordaindu beharko lukeen diru hori”, gogoratu du Albizuk.

Tamalez, jakin berri dugunez, Europako diru-laguntzak ez dira iritsiko, baina horrek ezin du proiektua mantsotu edo atzeratu. Horregatik, “oso kezkagarriak dira Marisol Garmendiak egindako adierazpenak, ezin dugu onartu Pasaiak 2020ra arte itxaron behar izatea biziberritze prozesua gauzatzeko”.

Hori guztia ikusita, EH Bilduk mozioak aurkeztuko ditu bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan bai Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udaletan. Bertan, Diputazioari eskatuko zaio Pasaiako biziberritze proiektua berma dezala bere gain hartzen Europak ukatu duen finantzazioa.