EH Bilduren ustez, EAJk eta PSEk sinatutako Gobernu ituna oztopo bat da Gipuzkoarentzat, lurraldeak aurrera egitea eragotzi egiten duelako. Gipuzkoako Batzar Nagusietan adibide argia ikusi da gaur Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, non Gobernuak akordio gutxi batzuk sinatu ditu oposizioarekin, baina ez da ausartu jauzi garrantzitsuak ematera sakoneko gaietan, adibidez, bizikidetzan, burujabetzan eta justizia sozialean. “Askoz aurrera pauso handiagoak eman zitezkeen, baina EAJk eta PSEk ez dute nahi izan, eta rodillo oso gogorra aplikatu dute. Horregatik, gure sentsazioa gazi-gozoa da”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

Gipuzkoako EH Bildu taldeak 61 mozio aurkeztu ditu bilkuran. Horietatik, 11 onartu dira beste taldeen babesarekin, eta beste 6 aurrera atera dira beste taldeekin erdibideko akordioetara iritsi ondoren. Adibidez, indarkeria matxistari aurre egiteko plan bat onartu da, Gizarte Zerbitzuen Mapak aurreikusten dituen lehentasunezko plaza berriak irekitzea eta esku hartze sozialeko lan hitzarmena desblokeatzeko konpromisoa. Era berean, Udal zergak ikuskatzeko aukera publikoa eskaintzea erabaki da EH Bilduren ekimenez. Lortu diren adostasunak garrantzitsuak izan arren, Xabier Olanok akordio zabaletarako marko eta zutabe diren hiru proposamen azpimarratu ditu: Bizikidetzarako akordioak sustatzeko mozioa, erabakitze eskubidearen aldeko mozioa eta Gipuzkoa murrizketa sozialik gabeko lurraldea izan dadin akordio zabal bat sustatzeari buruzko mozioa.

“Gipuzkoako herritarren gehiengoa ordezkari politikoen herri akordio zabalak eskatzen ari dira herri honek aurrera egin dezan arlo nazionalean eta sozialean. Tamalez, EAJ-PSEren gobernuak ez du pauso handirik eman nahi izan aurrera egiteko”, esan du EH Bilduko bozeramaileak.

Adibide bezala, Xabier Olanok azpimarratu du EAJk ez duela babestu nahi izan burujabetzaren aldeko mozio bat, non Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zitzaion “erabakitze eskubidearen aldeko dinamika guztiak babes eta lagun ditzala, eta Gure Esku Dagok abiatutako dinamika zoriontzeaz gainera, lankidetzan eta elkarlanean aritzea”.