EAEko hauteskundeen emaitzak ikusita, Gipuzkoako EH Bildu batzarkide taldeak dei egin dio Markel Olanori herri akordio zabalak sustatzera, herri honek aurrera egin dezan arlo nazionalean eta sozialean: “Burujabetzaren alde, murrizketa sozialen aurka eta erabateko bakea eta normalizazioa lortzearen aldeko urratsak emateko deia egiten diogu ahaldun nagusiari”. Horrela adierazi du gaur EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, Judit García, Ainhoa Beola eta Iban Asenjo batzarkideekin batera egindako prentsaurrekoan.

Lehenik eta behin, EH Bilduko bozeramaileak EAEko hauteskundeen balorazioa egin du. Orokorrean, EH Bilduk emaitza positiboak lortu dituela esan du: 224.254 boto eskuratu ditu, %21, eta ia %30 Gipuzkoan. Xabier Olanoren hitzetan, “emaitzei begiratuta, zenbait konstatazio ikusten ditugu: 75 legebiltzarkideetatik, 57 erabakitzeko eskubidearen aldekoak dira. Gipuzkoaren kasuan, are eta nabarmenagoa da gehiengo hori: 25 legebiltzarkideetatik, 20. Gehiengo oso zabala dago, beraz, arlo honetan urratsak emateko. Eta beste konstatazio bat: politika sozial eraginkorragoak egitearen aldeko indar nabarmena ere badago. Konbentzituta gaude gure herriaren gehiengo zabal bat akordio hauen alde dagoela. Horregatik, akordio zabal horiek eremu instituzional guztietara eraman nahi ditugu, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko politiketara ere”.

Horregatik, bihar, Batzar Nagusietako Politika Orokorreko osoko bilkuran, EH Bilduk dei egingo dio Markel Olano ahaldun nagusiari “Gipuzkoan herri akordio zabalak sustatzera, herri honek aurrera egin dezan arlo nazionalean eta sozialean. Burujabetzaren alde, murrizketen sozialen aurka eta erabateko bakea eta normalizazioa lortzearen aldeko urratsak egiteko deia egiten diogu”.

Xabier Olanok aurreratu du bihar, Politika Orokorreko plenoan, ildo honetako mozioak aurkeztuko dituela EH Bilduk:

1. Aldundiak erreskate sozialerako akordioa susta dezala, Gipuzkoa murrizketarik gabeko lurraldea izendatzeko.

2. Burujabetzarako akordioa: Posiblea eta beharrezkoa da Europan estatu berri bat sortzea; behar dugu estatu aurrerakoi eta duin bat, hobe bizitzeko.

3. Erabateko bakea erdiesteko akordioa: Gatazka politikoaren ondorioak itxi behar dira bizikidetzan sakontzeko eta sistemaren demokratizazioan urratsak emateko.

Mozio hauetaz gain, arlo sektorialetako 60 bat mozio aurkeztuko ditu EH Bilduk, euskara, berdintasuna, justizia soziala, ingurumenaren babesa eta garapen sozioekonomiko iraunkorraren aldeko politikak proposatzeko.