EH Bilduren ustez, Zubietako erraustegia eraikitzeko kontratuak diktadura ekonomiko izugarria suposatuko luke Gipuzkoako udaletarako, hurrengo 35 urteetan 1.500 milioi euro ordaindu beharko dizkiotelako enpresa pribatu bati. Horregatik, EH Bilduk eskua luzatu dio EAJ-PSEri elkarrekin adosteko hondakinak tratatzeko eredu bideragarri bat. Horretarako, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ostegunean duen bilera bertan behera ustea eskatu du koalizioak, eta elkarrizketarako mahai bat osatzea udal ordezkari, alderdi zein eragile sozialekin.

“Bilatu dezagun konponbide serio bat, hausnarketa sakon eta partekatua egin dezagun denon artean erabakitzeko hondakinak tratatzeko behar ditugun azpiegiturak», proposatu du gaur Oihane Zabaleta bozeramaileak, Donostian egindako agerraldian. Bertan, Gipuzkoako hainbat herrietako alkateak izan dira: Andoain (Ana Carrere), Berastegi (Amaia Azkue), Hernani (Luix Intxauspe), Usurbil (Xabier Arregi), Oiartzun (Jexux Leonet) eta Antzuola (Beñardo Kortabarria).

Zabaletak azaldu duenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) batzar erabakigarri bat deitu du ostegunean. Opor giro batean, Zubietako erraustegiaren esleipen-pleguak onartu nahi dituzte EAJk eta PSEk, bere gehiengo osoaz baliatuz. EH Bilduren ustez, beste pauso bat da norabide okerrean: “Ikusten ari gara EAJ eta PSE presaka ari direla, herritarrei bizkarra emanda, eta atzeraezinezko erabakiak hartu nahian. Kate motzean lotu nahi dituzte udalak”.


Xabier Arregik, Usurbilgo alkateak, azaldu duenez, plegu horien arabera, baldintza oso gogorrak ezarriko zaizkie GHKn dauden herriei errauskailuaren zorra ordaintzera behartzeko:

  • Lehenik eta behin, esklusibitatearen printzipioa inposatzen da. Hau da, hurrengo 35 urteetan, Udalek ezin izango dizkiote zaborrak GHK den beste inori eman, eta GHKk ezarritako tarifak –zein nahi direla ere– "derrigorrez eta lehentasunez" ordaindu beharko dituzte.
  • Udal batek kontsortzioak inposaturiko kuota ordainduko ez balu, Diputazioak eskumena izango luke udal horri dirua hartzeko.
  • Inor kontsortziotik aterako balitz, derrigortuta legoke zorra berdin-berdin ordaintzera amaiera arte, eta banaketa horrek sorturiko "gainkostuak" ere ordaindu beharko lituzke.
  • Gainera, proposamena erabat diskriminatzailea da birziklatze lanak fundamentuz egiten dituzten herrientzat, eta eragotzi egiten du aurrera egitea ekonomia zirkularreko eta errauskailurik gabeko eredu jasangarrietan.

Beraz, kontratu hori bidegabea eta oso kaltegarria da. Hori guztia kontutan izanda, EH Bilduk eskatu du bertan behera ustea osteguneko bilera: “Momentuz, behintzat, ez dezatela erraustegia eraikitzeko pleguak baldintza horietan onartu, eta eseri daitezela mahai batean alderdiekin, udaletako arduradunekin eta herri mugimenduen ordezkariekin, beste bide bat bilatzeko. Eskua luzatu nahi diegu, zintzotasunez. Oraindik garaiz gaude burugabekeria hau gelditzeko”.