EH Bilduko ordezkaritza zabal batek harrera egin dio gaur udaletxean Irungo berdintasunezko alardeari. Xabier Olano, Ainhoa Beola eta Geroa Galarraga Gipuzkoako batzarkideak bertan izan dira, Garazi Lopez de Etxezarreta eta Eneko Maioz, koalizioko ordezkariak Eudel-en; Udalbiltzako lehendakari Luix Intxauspe eta irungo zinegotziekin batera.

Guztiek Alarde publikoa zoriondu dute eta emakumeenganako diskriminaziorik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte: “Jaiak aniztasunean, elkartasunean eta pozik bizitzea opa diegu irundar guztiei. Animatu nahi ditugu bereziki emakume eta gizonak batera eta berdintasunean jaiak partekatuz, elkarbizitza parekidea eraikiz jarraitu dezaten”, adierazi du Beolak.

Batzarkideak gogoratu duenez, aurreko legealdian ez bezala, EAJ-PSEren Foru Gobernuak ez du orain arte Alarde parekidea babestu, eta atzera bota ditu azken urteetan jai parekideen alde egindako politikak. Aurten, aldiz, funtziotako ahaldun nagusia bertan egon da. “Berandu izan arren, pausu bat da eta baloratzen dugu. Sinetsi nahi dugu EAJ-PSEk osatzen duten Gobernuaren aldetik jarrera aldaketa bat dagoela alardeekiko eta berdintasunarekiko, eta horrela izango dela etorkizunean ere”. Bestetik, Beolak adierazi du “onartezina dela irundar guztien alkatea izan behar duenak berdintasunaren aldeko hautua egiteagatik herritarren parte bati bizkar eman izana”, horregatik Denis Itsasori eskatu dio “bere alderdikidearekin hitz egitea berdintasunaren aldeko apustua bilatze aldera”.

Bukatzeko, Gipuzkoako batzarkideak Alarde publikoan parte hartzen duten irundarrak zoriondu ditu: “Gaur hemen dauden herritarrak txalotu nahi ditugu, jaiak partekatzeko guneak direlako, emakume edo gizon izan, gizartean bezala, jaietan ere leku parekideak okupatuz, eta berdintasunean arituz”.