EH Bilduk Gipuzkoako Foru Gobernuaren gardentasun falta salatu du gaur Batzar Nagusietan, bereziki diru publikoaren erabileran. Izan ere, “interes orokorra, egiatasuna, gardentasuna, eragimena eta gastu-zorroztasuna” helburu duen Foru Arau bat betetzearen kontra bozkatu dute gaur EAJk eta PSEk: Erakundeen Publizitate eta Komunikazio Kanpainen Kostuaren berri herritarrei ematea arautzen duen 2/2011 Foru Araua betetzearen kontra, hain zuzen ere.

EH Bilduk ebazpen-proposamen bat aurkeztu du Gobernuak 2/2011 Foru Araua bete dezan, derrigorrezkoa den bezala, orain arteko kanpainetan ez duelako egin. Bertan arautzen da publizitate- eta komunikazio-kanpaina instituzionalek, 3.000 eurotik gorako kostua dutenean, kanpainaren kostu osoa azaldu beharko dutela hedapen-euskarrian bertan, bai eta zenbat ale argitaratu diren ere. Proposamenak Podemos-Ahal Dugu eta PPren babesa izan arren, EAJk eta PSEk kontra bozkatu dute.

EH Bilduko Judit Garcia batzarkidearen hitzetan, “Diputazioaren jarrera benetan kezkagarria da bi arrazoiengatik: alde batetik, Foru Gobernuak ez duelako nahi herritarrek jakitea zenbat diru publiko gastatzen duen propagandan, eta bestetik, EAJPSEk muzin egin diolako Foru Araua betetzeari”. Garciak gogoratu du, gainera, ez dela lehenengo aldia: Erosketa Publikoari eta Klausula Sozialei buruzko Foru Arauak betetzearen kontra ere bozkatu zuten EAJk eta PSEk. EH Bilduko ordezkariak azpimarratu du “Foru Arauak betetzea derrigorrezkoa dela, gehiago ala gutxiago gustatu”.

Gainera, Garciak salatu du Imanol Lasa diputatuak gaur aurkeztutako Gardentasunari eta Informazio Publikoa eskuratzeari buruzko txostenak “ez duela errealitatea islatzen, hainbat elementu ez direlako neurtzen”. Besteak beste, Foru Arauak %100ean betetzen direla adierazten du, ez dituelako Foru Arau guztiak kontutan hartzen, adibidez, aipatutako 2/2011 Foru Araua.

Gipuzkoako Gobernuaren jarrera iluna ikusita, EH Bilduko batzarkideak eskatu dio gardentasunaren aldeko apustua egin dezan, aurreko legealdian hasitako lanari jarraituz: “Jendarte benetan demokratikoa, anitza eta parte hartzailea bultzatzeko agintarien gardentasuna bermatu behar delako, eta herritarrek tresnak izan behar dituzte ezagutzeko nola hartzen diren eragiten dieten erabakiak eta nola erabiltzen diren baliabide publikoak”.