EAJk eta PSEk, PPren laguntzarekin, bere gehiengo osoa erabili dute gaur erraustegiak gipuzkoarren osasunean eragin ditzakeen kalteak aztertzeko batzordearen sorrera blokeatzeko. EH Bilduren ustez, onartezina da Gobernuaren jarrera, argi baitago gai honek herritarrengan sortzen duen ezinegona eta Zubietako erraustegia erantzun sozial izugarria jasotzen ari dela, erraustea gaixotasunekin lotzen duten hainbat ikerketa daudelako. “Errealitate honen aurrean Diputazioak belarriak itxi eta ezikusiarena egitea arduragabekeria da”, adierazi du Iban Asenjo batzarkideak.

EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek hondakin-erraustegi batek pertsonen osasunean izan ditzakeen arriskuak eta kalteak ebaluatzeko azterketa-batzorde bat eratzeko eskatu dute Batzar Nagusietan, eta batzorde horren ondorioak Foru Aldundirako gida izatea, biztanleen osasuna eta ingurumena lehenesten dituen hondakinen kudeaketa-politika diseinatzeko. EAJ-PSEk eta PPk, baina, bertan behera utzi dute ekimena eta azterketa hori aurrera eramateko aukera blokeatu egin dute.

Iban Asenjok azpimarratu duenez, Markel Olanoren gobernuak errauskailu bat eraikitzeko asmoa berriz erakutsi zuenetik, gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da gure herrian eta biderkatu egin dira azpiegitura horren kontrako mugimenduak. Besteak beste, aipatu ditu Gipuzkoa Zutik ekimena, GuraSOS elkartea, medikuen plataforma, edo milaka pertsonak osatu zuten Onkologikoa eta Diputazioa batzen zuen giza katea.

Batzarkidearen hitzetan, “Administrazio publiko orok osasuna babesteko lehentasuna izan beharko luke. Azken urteotan burututako nazioarteko hainbat ikerketa zientifikok, baina, argi ondorioztatzen dute erraustegien inguruan minbizia izateko arriskua areagotu egiten dela eta hilkortasuna handitzen dela. Hortaz, hondakinak errausteak gizon-emakume guztiok inguru osasungarri batean bizitzeko dugun oinarrizko eskubidea urratzen du”. Gainera, Asenjok foru agintariei leporatu die “herritarrak frogak egiteko akuri moduan erabiltzea”.

Beraz, EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, “argi dago gai honek herritarrengan sortzen duen ezinegona, argi dago Zubietako erraustegia erantzun sozial izugarria jasotzen ari dela eta argi dago erraustea gaixotasunekin lotzen duten ikerketak daudela. Horregatik guztiagatik, Foru Aldundiari berriro ere eskatzen diogu errausteak osasunean sortu ditzaken kalteen inguruko hausnarketa sakona egitea eta planta eraikitzeko tramite guztiak bertan bera ustea ondorioak jakin arte. Eztabaidaren beharra aldarrikatzen dugu, zalantzak argitu eta prebentzio-printzipioa ezarri. Gure interes bakarra osasuna da, gurea, gure bizilagunena eta gure haurrena. Oraindik garaiz gaude; gero berandu izan daiteke”.