Jeltzaleek Bizkaiko uraren kudeaketaren kontrol osoa nahi dute udalen autonomiaren kontra joan behar badute ere

Gaur beste urrats bat emango da Bizkaian ur partzuergo bakarra izateko EAJren estrategian estatutuen aldaketaren onarpenarekin horrekin makinaria guztia martxan jarriko dute Busturialdeko ur partzuergoa bereganatzeko. Lehen herriak bakarrik izan zitezkeen partzuergoaren kide baina gaur onartuko diren aldaketekin edozein entitate publiko kide izan ahalko da.

EH Bilduk bere alegazioak aurkeztu dituen arren txikikeriak besterik ez dizkiote onartu. Koalizioak salatu du EAJk ez diola ordezkaritzaren banaketari heldu nahi, BBUParen batzar orokorraren ordezkaritza guztiz desproportzionatua den arren. Rodilloarekin monopolio bat ezarri nahi dute Bizkaian, irizpide ekonomikoetan oinarritutako eredu bat inposatu nahi diote herrialdeari, EAJren interesei bakarrik erantzuteko uraren kudeaketa kontrolpean izanez. Eta hori guztia udalen autonomiaren kontra joanez, udalen subiranotasuna murriztuz alegia.

EH Bilduk beste eredu bat babestu eta bultzatzen du, beste gauza batzuen artean, kudeaketa deszentralizatua indartzeko eta monopolioa ekiditeko. Tokian tokiko beharren eta nahien araberako uraren kudeaketa babesten du EH Bilduk. Argi daukagu Busturialdeko Ur Partzuergoa indartu behar dela, bideragarria delako bitartean Bizkaian Ur partzuergo bakarra egotea da EAJren asmo bakarra.
EAJren estrategia horren baitan, batetik, legegintzaldi honetan Aldundiak ez die diru-laguntzarik eman partzuergoetatik kanpo dauden herriei uraren kudeaketa hobetuko luketen azpiegiturak garatzeko, eta bestetik, URA agentziak isunak jartzen dizkie saneamenduarekin arazoak dituzten herriei (Karrantzaren adibidea esanguratsua da). Neurri horiekin EAJk herriak presionatzen ditu Bilbao Bizkaia Ur partzuergoan sartzeko: horri txantajea deitzen zaio.