Atzo Durango erdialdean gertatu zena, Ezkurdi parkean, oso larria dela iruditzen zaigu. Espainiako Polizia Nazionalak, Espainiako itzuliak Bizkaiko errepideak zeharkatzen zituela baliatuz, Durangoko erdialdean karpa bat ezarri zuen, herritarrei eta adin txikikoei duen armamentua erakutsiz, metrailetak eta beste armak barne.

Gertakari hau oso larria dela deritzogu. Oso larria eta onargaitza, bakearen eta elkarbizitzaren alde apostu egiten duen euskal gizartearentzako. Polizia indar bat, kasu honetan Polizia Nazionala, euskal gizartearen aurrean modu honetan azaltzea onargaitza da, espazio publikoa militarizatuz.

Beharrezkoa da gogoratzea zein testuinguruan ezarri zuen Polizia Nazionalak karpa bat Durangon. Atzo Vuelta txirrindulari itzuliak Bizkaiko errepideak zeharkatu zituen, hau dela eta, guztiok dakizuenez, Gure Esku Dagok euskal gizarteari deialdia luzatu zion, errepideetara irten eta munduari erakusteko gure herrialdean bere etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki nahi duen gehiengoa dagoela.

EH Bilduk ekimen honekin bat egin zuen euskal gizarteari gonbitea luzatuz, Vueltaren erakusleihoa baliatzeko lasterketa Euskal Herrian gauzatzen ari zela erakusteko, bere kultura, hizkuntza eta identitate propioa duen nazioa. Eta atzo ikusi genuen milaka pertsonek ekimen honekin bat egin zutela. Bide batez herritar hauek zoriondu nahi ditugu zaletasuna eta aldarrikapena era alai batean uztartu zituztelako.

Egoera honetan Polizia Nazionalak bere karpa ezarri zuen Durangon bere armak erakusteko asmoz. EH Bildurentzat keinu honek helburu bakarra izan zuen: euskal gizarteari argi erakustea hemen nork agintzen duen eta nork daukan indarra. Eta bide batez Polizia Nazionalaren jarduera Euskal Herrian zuritzea.

Atzokoa indar eta menpekotasun erakustaldia izan zen. Espainiar estatua Polizia Nazionalaren bitartez, euskal gizarteari jakinarazten saiatu zen gure herrialdea, menpeko herrialdea dela, estatuak erabakitzen duela zer eta nola egiten diren gauzak hemen eta zer gertatzen zaion egoera hori modu baketsu eta eraginkorrean aldatzen saiatzen den ororekin. Azken aldian azpimarratzen gabiltza egoera hau, baina beste behin argi geratu da gure herrialdeak espainiar estatuarekiko duen harreman eredua aldatzea ezinbestekoa dela; egungo menpekotasun eta baldintzapeko egoeratik, bi aldeen arteko berdintasunean oinarritzen den erlazio modelo berrira pasatzea ezinbestekoa da.

Atzo Durangon gertatutakoak Espainiar estatua eta Polizia Nazionala baino arduradun gehiago ditu. PNVk agintzen duen Durangoko udala izan zen Polizia Nazionalari karpa jarri eta herriaren erdialdea militarizatzeko baimena eman ziona. Oraindik ezin dugu ulertu udalak nola eman zion baimena Polizia Nazionalari, besteak beste adin txikikoei ere zuzentzen zitzaienean erakustaldi hura, armak beren eskuetan jarriz.

Bizkaiko Foru Aldundia ere ez dugu ahaztu nahi. Foru erakundea izan da EAJren lidergoarekin Vuelta gure herrialdearen errepideetara ekarri duena. Eta Aldundia izan beharko litzateke lehiaketaren antolatzaileei joko arauak argi erakusten dizkiona, argiki erakutsi beharko lukeena froga Euskal Herrian ospatzen zela, gure hizkuntza eta identitatea errespetatzea beharrezkoa zela…

Hasieran esan dugun bezala, onargaitza da atzo Durangon gertatutakoa. Guzti horregatik EH Bildun ekimenak erregistratu ditugu erakunde ezberdinetan azalpenak eskatzeko, bai Durangoko alkateari, bai Bizkaiko ahaldun nagusiari, baita ere Madrilgo Kongresuan eta Senatuan. Hiritargoari azaldu behar diote bere herrian eta bere herrialdean nola onartu duten jarduera hau, alegia nola baimendu duten Polizia Nazionalak espazio publiko batean armak ateratzea.