EH Bilduren hauteskunde kanpaina ixteko mitinean, Hasier Arraizek adierazi du Euskal Herriak beste pauso bat eman behar duela igandean. “Pauso bat burujabetzaren alde, pauso bat justizia sozialaren alde, pauso bat euskal herritar guztien eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen. Pauso bat gure herrian antzematen hasi den aldaketa politikoa gauzatu dezagun”.

Donostiako Trinitate plazan egindako ekitaldi politikoan gaineratu duenez, “Zenbat eta igandean pauso handiagoa, gero eta askatasunaren gailurretik hurbilago. Horregatik boto-paper gorri guztiak, boto-paper berde guztiak, boto paper-more guztiak igandean hautestontziak betetzera. Gure esku dago”.

EH Bilduren bozeramaileak gogoratu duenez, “Herri honek askotan erakutsi du aurrera egiteko grina, elkar hartuta pausoak emateko borondate ikaragarria. Bere buruaren jabe izateko borondate irmoa. Lehendik milaka eta milaka pausok honaino ekarri gaituzte, bat ere ez soberan. Guzti-guztiak beharrezkoak izan direlako. Eta igandean beste pauso bat egingo dugu”. Era horretara, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Carlos Garaikoetxea eta Patxi Zabaleta gogora ekarri ditu bere hitzartzean.

Madrildik euskal gizartearentzat “gauzak” ekartzeko garaiak amaitu dira, Arraizen hitzetan. “Oraindik lortuko dituzten diputatuen arabera AHTrentzat trenbide kilometro batzuk gehiago ala gutxiago ekarriko ote dituzten zalantzan daude batzuk. Ez dira konturatzen, ez dute konturatu nahi, estrategia horrek kadukatu egin duela. Amaitu da. Behin betiko. Zer ekarri dute “Euskadira” azken lau urteetan? Ezer ez. Zer ekarriko dute hurrengo lau urteetan? Honela jarraituz gero, inposizio eta murrizketa gehiago. Madrildik ez da besterik etorriko. Horregatik guk hara Herri honen ahotsa entzunaraztera joan behar dugu”.

Bestalde, duela urtebete eskas Espainiako estatura aldaketa politikoa ekarriko zutela iragartzen zutenak ere izan ditu gogoan. “Beraiek dira urtebete eskas honetan aldatu direnak”, nabarmendu du. “Gu ez gara berriak politikan, baina politika berria egiten dugu. Etengabe gure politika egiteko modua euskal jendartearekin batera eraberritzen jarraitzen dugulako”.