EH Bilduk bere hautagaiak, kargu publikoak eta kargu organikoak elkartu ditu, Bilbon, gaur eguerdian. Marian Beitialarrangoitia Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak mezu argi bat helarazi nahi izan dio bertatik euskal gizarteari: “Bilboren erdigunetik mezu argi bat adierazi nahi diogu gaur Euskal Herri osoari: irabaziko dugu, herri honek erabakitzea irabaziko dugu. Horretarako, hemendik eta igandera bitartean lanean jarraitu beharra daukagu herri eta gizarte honek askatasunerako bidaia egitea nahi dugun herritar guztiok. Etxean, lantegian, lagunartean...”

Igandean herri honek asko daukala jokoan azpimarratu du. “Bere etorkizuna erabakitzeko beste urrats bat ematea dauka jokoan. Zer nolako herria nahi dugun erabakitzeko borondatea daukan herritar bakar batek ere ezin du etxean geratu. Burujabetzarako boto bakar batek ere ezin du etxean geratu”.



Beitialarrangoitiak nabarmendu duenez, “igandean, burujabetzak irabaziko du. Igandean, erabakiak irabaziko du. Igandean, Euskal Herriak eta euskal gizarteak irabaziko du. Igandean EH Bilduk irabaziko du. Asko garelako eta gehiago izango garelako. Goazen indarrak biltzera. Bildu, bildu eta bildu!”