EH Bilduk Arabako kanpainako ekitaldi nagusia egin du, gaur arratsaldean, Gasteizko Europa jauregian. Miren Larrion Gasteizko zinegotziak egin du interbentzio nagusia, eta azpimarratu du EH Bilduk arduraz jokatzen duela eta arduraz jokatuko duela. “Batzuek asko hitz egiten dute, baina askotan, lotsarik gabe, esaten dutenaren justu aurkakoa egiten dute. Guk hitzez gain, ekintzak ere baditugu. Eta arduraz jokatzen badakigu”.

Zentzu horretan, Gasteizko Udalean EH Bilduk izandako jarrera ekarri du gogora. “Maiatzean esan genuen ez geniola eskuin xenofoboari Gasteizen gobernatzen utziko. Eta non dago gaur Maroto? Madrilen! Gure hitzak berme dira. Eta horregatik, gaur bertan, EH Bilduren izenean konpromiso bat plazaratu nahi dut: gure botoen eskuetan badago, ez diogu eskuin xenofobo, autoritario eta atzerakoi horri berari Estatuan gobernatzen utziko”. “Badakizue zein den Madrilen dagoen Maroto eta bere lagunei min gehien ematen dien ahotsa, ezta? Bai, Euskal Herria Bildurena. Entzun nahi ez dutena esaten dugulako; baita egitea nahi ez dutena egiten dugulako ere”, gaineratu du.



EH Bildu aldaketa haizea dela azpimarratu du Larrionek. “Eta aldaketa haize hori hedatzen da Tafallatik Iruñeara; Gasteiztik lautadara; Arabatik Euskal Herri osora. Hobeto bizitzeko aldaketa, sozialki, politikoki, ekonomikoki: Euskal Herri berri eta desberdina eraikitzeko aldaketa, gaur eta hemen, burujabetza deitzen da”.

“Abenduaren 20an hitzordua dugu gure herriarekin, gure etorkizunarekin”, esan du Larrionek. “Ezin dugu huts egin. Eta ez dugu huts egingo. Ez diegu poz hori emango Euskal Herria desmobilizatua amesten duten horiei. Gu guztiok etxean geratzea nahi duten horiei. Ez. Abenduaren 20an milaka eta milaka izango gara, Gasteizen, Araban, Euskal Herrian, hautestontziak ilusio botoz beteko ditugunak, aldaketa botoz, burujabetza botoz”.

Iker Urbinak ere parte hartu du Gasteizko ekitaldian, eta erabakien garaia dela nabarmendu du. “Hemen erabakitzeko garaia da. Hemen erabaki nahi dugulako. Hemen erabaki nahi dugulako Garoñaren eraisketa. Hemen erabaki nahi dugulako Arabako ardoaren jatorrizko izendapena. Hemen erabaki nahi dugulako Arabatran bezalako azpiegiturak. Nola hartuko dituzte, horrelako erabakiak Madriletik? Nola? Ezin dituzte bertan hartu! Hemen hartu beharreko erabakiak dira!! Horrela egin izan dutenez, zenbat dira Arabaren kontra hartu ditzuten erabakiak? Zenbat?? Forondan adibidez, utzikeria da nagusi”.