EH Bilduk justizia sozialean, berdintasunean eta burujabetzan sinisten duten herritarrei bozka eskatu die gaur arratsaldean. Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburu Marian Beitialarrangoitiak, gaur arratsaldean Zarautzen egindako ekitaldi batean, aditzera eman du egungo gizartea matxista dela: “Herritarron erdia zapaltzen gaituen gizarte batean bizi gara, emakumeok pobretzen gaituzten lan prekario eta lanaldi murriztuetara kondenatzen gaituena. Gazte izanez gero migrazioa beste biderik ez digute uzten eta erretiro garaira iritsita, zaintza ardurak biderkatu, pentsio ez duinak eta bizimodu duina eramateko ezintasuna; inork baino lan gehiago egin izana aitortuta ere”, esan du Beitialarrangoitiak.

Hautagaiak, errealitate hori aldatzeko premia adierazi du, “gizon eta emakumeen eskutik egin beharrekoa”. Zentzu horretan, Beitialarrangoitiak Euskal Herrian erabaki guztiak hartzeko autua berretsi du: “Gizon eta emakume, garestiegi ateratzen ari zaigu beste batzuk gure ordez erabakiak hartzea, eta aldaketa, premiazkoa da”, baieztatu du. “Hori da igandean jokoan duguna -jarraitu du-, erabakiak hartzen hasteko urratsa egitea, bizitzea merezi duen bizitza izango duten herritar libreez osatutako Euskal Herria eraikitzeko bidean”.

Gatazka politikoari ere erreferentzia egin dio hautagaiak. Bere hitzetan, “lau urteren ostean” oraindik ez da lortu “giza eskubideen urraketa lehenaldiko gauza izatea”. “Indarrean den kartzela politika da horren adibide mingarrienetakoa, preso eta senideen eskubideak urratzen dituena”, esan du. Beitialarrangoitiak “biktima guztientzat errekonozimendua, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea” aldarrikatu du. “Ez gara konformatzen egun dugunarekin -jarraitu du-, guretzat botila ez dago erdi betea, erdi hutsa baizik, eta betetzeko lanean murgiltzeko prest gaude: justizia sozial, berdintasun, askatasun eta burujabetzaz betetzeko”.

Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak gehitu du “horretarako” gizarteak erabakiak Euskal Herrian hartu behar dituela, “inoren zain geratu gabe, independentziara bidean ahalik eta jende gehien bilduz”. “Bere etorkizunaren jabe izan nahi duen jende guztia, edozein delarik ere bere abiapuntua, helmuga berbera dugulako: hemen bizi garen guztiok izatea gure erabakien protagonista, txikienak eta handienak”, bukatu du.