"Euskal Herrian behar dugun bizikidetza, memoria inklusiboa, egia, aitortza eta errekonozimendua Madrilek ez ditu inoiz bultzatuko. Guk egin behar dugu hemen, Euskal Herrian; hori da aurrera egiteko modu bakarra, eta giza eskubide guztien bortxaketa lehenaldiko kontua izango den eskenatokia eskuratzeko bide bakarra.” Horrela adierazi du gaur arratsaldean koalizioko Kongresurako zerrendaburuak Marian Beitialarrangoitiak Hernanin izandako hauteskunde ekitaldian. Hautagaiaren hitzetan, Madril gainditu beharreko harresia da euskal herritarren eskaera demokratikoentzat. “Madrilek ez digu inoiz emango gure etorkizuna erabakitzeko baimenik. Bide bakarra geratzen zaigu: gure bide propioa egitea.”

Beitialarrangotiak adierazi du Euskal Herrian ere Colombian bezala bake prozesua Madrilekin adostea nahiko genukeela, “baina ez dute nahi, eta beraz, behartu egin behar ditugu”. Zentzu honetan, Arantza Quirogak saiatutako bideari Madrilek emandako erantzuna ekarri du gogora Gipuzkoako zerrendaburuak: “Harresia berriz ere. Egun bizi dugun eskubide urraketa ezkutatu eta kontakizun bakarra inposatu nahi digute, sufrimendu batzuk aintzat hartu eta besteak desagerrarazten dituen bertsio ofiziala ontzat eman dezagun nahi dute, errealitatearen parte bati arreta jarri eta bestea desagerraraziz. Baina errealitatea beste bat da, eta euskal herritarroi dagokigu kontatzea, bakoitzari berea, denak jaso daitezen. Errenterian eta hemen Hernanin memoria osoa berreskuratzeko alderdi guztiekin abiatu den bide bateratuek erakusten digute bidea.”

Bukatzeko, Beitialarrangoitiak ohartarazi du oraindik ez garela demokrazian bizi. “Ez digute gure etorkizuna erabakitzen utzi nahi. Jarraitu behar dugu horren alde borroka egiten, eta erabaki ahalmena irabazi. Eta borroka egiten da kalean, erakundeetan eta abenduaren 20an boto kutxak independentziaren aldeko erabakiz betez.”