Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak, gaur arratsaldea, Agurainen egindako ekitaldi politikoan esan du hauteskunde kanpainak aurrera egin ahala argitzen ari dela indar politiko bakoitzak egiten duen eskaintza. “Hauteskunde kanpaina aurrera doa eta panorama argitzen hasi da. Inkesta guztiek ziurtzat ematen dute PPk irabaziko duena eta badirudi gobernatzeko Ciudadanos laguntzaile izango duela. Argi eta garbi dago hori dela, seguruenez, Euskal Herriarentzat eszenatokirik okerrena, baina errealena ere bai”.



“PPk Ciudadanosen laguntzaz gobernatuko duen eszenatoki batean, bi kontu argi eta garbi izan behar ditugu”, gaineratu du: “Espainiako estatuan aldaketa politikoaren zantzurik ez, ezta erreforma kosmetikorik egiteko ere; eta Euskal Herritik Madrilera xoxak eskatzera joateko estrategiak behin betiko kadukatu egin du”.

Zentzu horretan, Espainiako estatuak ez dela aldaketarik izango azpimarratu du Arraizek. “Duela urtebete bipartidismoaren krisiarekin Espainiako estatuan aldaketa politikoa izan zitekeela sinestarazi nahi izan ziguten. Harrez geroztik, aldaketa politikoaz hitz egiten zutenak aldatu dira, orduan prozesu konstituziogilea egiteaz hitz egiten zuten. Gaur egun, ordea, “Gracias 1978” esaten dute eta Konstituzioa erreformatzeaz hitz egiten dute. Bitartean PP, PSOE eta Ciudadanosek Kataluniako prozesu independentistaren aurkako Estatu ituna dagoeneko itxita daukate”.

Era horretara, Podemosen jokabidea kritikatu du Arraizek. “Podemosek, handik, Madrildik, La Sextatik, gauza bat dio, eta patxada osoz, hurrengo minutuan, kontrakoa. Prozesu eratzailea, zioten, eta orain konstituzioaren erreforma diote. "Erabakitzeko eskubidea" diote, eta jarraian Espainiaren batasunaren berme direla. Haiek Espainiaren batasunaren berme badira, EH Bildu da Euskal Burujabetzaren bermea”.