Pello Urizar EH Bilduren bozeramaileak adierazi du jakitun dela Madrilen ordezkari abertzaleak egotearen alde egingo duela euskal gizartearen gehiengo zabal batek abenduaren 20an. “Baina guretzat hori ez da nahikoa. Herri honek exijitzen du ordezkaritza horrek gutxieneko batzuk betetzea. Herri honetako gizon eta emakumeen eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta exijitzeko gai izan behar da ordezkaritza hori”.

Madrilen izango den abertzaleen ordezkaritzak, Urizarren hitzetan, “euskal gizarteko gizon eta emakumeei dagokien erabakiak askatasun osoz hartuko direla defendatu eta exijitu” beharko du. “Herri honek, Euskal Herriak, bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna dauka, zein gizarte eredu nahi duen erabakitzeko gaitasuna dauka. Herri honek, euskal herritarrek, gaitasuna daukate Espainiako eta Frantziako estatuekin zein harreman nahi duten erabakitzeko; euskal lurraldeen artean izan beharreko harremana zein izan behar den erabakitzeko gaitasuna ere badute”.

Urizarrek azpimarratu duenez, “euskal herritarrek beren erabakiak hartu behar dituzte inposizio eta presio gabe, askatasun osoz”. Gaineratu duenez, “EH Bilduk bakarrik bermatzen du exijentzia eta eskaera horiek modu duinean Madrilen egitea”.