Elgetan gaude gaur, Euskal Herriaren eta euskal herritarron duintasun eta tinkotasunaren ikur den Intxortan. Intxortako frontean aritu zirenei eskainitako monolitoaren aurrean, elgetarra den Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramaileak Pilar Elgezabal amama gogoratu eta omendu du gaurkoan. Elgetatik Intxortako frontera igotzen zen Uberaren amama, gudariei jateko eramatera. Bestalde, gogoratu du bere aita-aita preso eraman zutela eta lanpostua galdu zuela Maiatzaren 1a antolatzeagatik. “Hori da nire errelatoa”, esan du Uberak.

Uberak salatu du asko direla Madriletik datozen inposaketak, eta horietako bat memoriarena dela, errelato bat eta bakarrarena. “Etorkizuneko guztion memoria izango denaren defentsan ari gara EH Bildun eta horretan arituko dira gure ordezkariak Madrilen. Espainiako estatutik datorren memoria inposatzaileari aurre egiten; gure herriaren eta herritar guztien errelatoaren, eskubideen defentsan eta eraikuntzan. Irabazle eta galtzailerik gabe, gure ondorengoak herri libre batean bizi daitezen”.