Erabaki dugu hemen, Gogora memoriaren institutuaren aurrean adierazpen hauek egitea. EHBilduk bertan parte hartzen du, espiritu eraikitzaile baina kritiko batekin, bertan ere memoriari buruzko gure iritzia azaltzeko.

EHBIlduk aurkeztu zuen Bakerako Euskal Bidea konponbiderako proposamen oso bat bezala, lau blokeei erantzuna emanez: armagabetzea, preso eta iheslarien itzulera, desmilitarizazioa eta memoria bateratzailea, osoa. Azken hau, testinguru politikoan izandako giza eskubideen bortxaketa guztien biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko tresna gisa ulertzen dugu.

Memoria egunerokotasuneko kontua da. Batzuk “errelatoaren guda” bezala planteatzen dute. Guk gogoeta egin nahi dugu iraganari buruz, herri honek sufritutako drama guztiak aintzat hartuta. Ikuspegi historikotik -altxamendu faszistaren momentutik, izandako bonbardaketak, gerraren eta frankismoaren ondorioak- eta gaur egungoa aintzat hartuz.

Egin nahi dugu ez iraganean kateatzeko, baizik eta etorkizunari begira, berriro gertatu ez dadin bermatzeko. Gogoeta egin nahi dugu iraganean izandako giza eskubideen bortxaketa guztietan, horretara berriro ez itzultzeko etorkizunean.

Horretarako egi osoa ezagutu nahi dugu, biktima guztiak aitortzeko Horretarako justizia osoa nahi dugu, sufritu duten pertsona guztiak erreabilitatzeko, erreparatzeko.

Aztertu nahi dugu iragana, ikasgaiak ateratzeko, ondorioak ateratzeko. Horrela, proiektu politiko guztiak defendatu eta praktikara eraman daitezen bide demokratikoetatik. Era bateratzaile eta inklusibo baten, inor baztertu edo ahaztu gabe.

Jon Iñarritu: Memoria historikoaren legea ez du bete PPko Gobernuak, gu biktima eta elkarte guztien ahotsa izango gara berriro ere Madrilen

Legegintzaldi honetan zehar EH Bilduk guztion ahotsa bilduko duen memoriaren aldeko apustua egin du instituzio guztietan, Euskal Herrian, Madrilen edo Bruselan.

Madrilen ikusi dugu, diktaduratik 40 urte pasa direnean, PPren gobernuak ez duela Memoria Historikoaren Legea betetzen. Krisiaren erruz dirudik ez dagoela esaten zuten ikurrak kendu edo gorpuak bilatzeko, aldiz, frankisten mausoleoak konpontzeko edo naziekin bolondres joandako soldadu frankisten aztarnak Errusian bilatzeko bai, horretarako bai izan dutela nahikoa diru.

Honi hipokresia esaten zaio, gezurra eta azpijokoa.

Lezioak ematera ohituegi dagoen gobernu horrek behin eta berriz umiliatu ditu diktadurare biktimak, estatu terrorismoarenak, poliziaren indarkeriarenak. Behin eta berriz entzungor egiten diete NBEak eta EBk emandako gomendioei eta kargu hartzeei.

EH Bildu hor egon da beti, biktima guztiei babesa ematen, Madrilen iniziatibak eta denuntziak aurkezten eta biktima guztiekiko errespetua exijitzen.

Orain ere horrela jarduteko konpromisoa hartzen dugu, biktima eta asoziazio guztien ahotsa instituzioetara eramateko konpromisoa hartzen dugu.