EH Bilduk emakumeei zuzendutako ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Galdakaoko frontoian. Bertan hitza hartu du Miren Larrion Gasteizko zinegotziak. Azaldu duenez, Espainiakoa hondoratzen ari den estatua da. “Hondoratzen ari da instituzionalki eta politikoki; eta hondoratzen ari da sozialki ere. Emakumeak bigarren mailako hiritar izatera kondenatzen dituen eredua baino ez duelako eskaintzen”.

“Eredu horri esan nahi diogu Agur. Agur, orain eta betiko”, azpimarratu du Larrionek. “Horretarako, modu bakarra, bide bakarra, euskal emakumeak gure etorkizunaren jabe izatea da, gure erabaki guztien jabe, mugarik gabe, inposiziorik gabe, urrutiko aginterik gabe”.



Larrionek mezu zuzena helarazi nahi izan die euskal emakumeei. “Dena ezinezkoa dela esaten diguten horiei; ezer aldatu ezin dela sinetsarazi nahi digutenei; denak berdin jarraitu behar duela errepikatzen dutenei. Horiei guztiei, Abenduaren 20an esango diegu euskal emakumeak aske eta burujabeak izango garela herri aske eta burujabe batean. Horretarako, emakumeok hautestontziak bete behar ditugu ilusiozko botoekin, aldaketarako botoekin, burujabetza eta askatasunerako botoekin, EH Bilduren botoekin”.