Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak adierazi du PPk eta PSOEk ez dutela eskaintzarik Euskal Herriarentzat, baina Podemosek eta Ciudadanosek ere ez dutela nabarmendu du. “Atzo eztabaidatu zuten biek eta komentatu zuten beste biek ez daukate eskaintzarik herri honentzat”, esan du.

Arraizek agertu du Espainiako estatuan ez dagoela aldaketarako aukera errealik. “Orain urtebete, esaten ziguten posible zela Espainiako estatuan aldaketa egotea, baina denbora honetan, urtebeteko epe eskasean, desagertu egin dira aldaketarako zeuden aukerak”. Gaineratu duenez, “duela urte bat hausturaz hitz egiten ziguten horiek, gaur Espainiako estatuaren erreforma kosmetikoaz ari dira”.

“Espainiako estatuaren endekapena eta hondoratzea ondo baino hobeto ikusi genituen atzoko eztabaidan, horixe irudikatzen baitute PPk eta PSOEk. Baina jokaldia komentatu zutenek ere ez dute eskaintzarik eta soluziorik euskal gizartearentzat”, azaldu du.

Arraizek azpimarratu du badagoela alternatiba, eta alternatiba EH Bildu dela. “EH Bildutik alternatiba hori eraikitzen ari gara herri honetako herri klasearekin batera burujabetza oinarri bezala hartuta, hemen erabakiak hartuta”. Era horretara, euskal gizartearen arazoak eta behar dituen konponbideak ondoen ezagutzen dituztenak EH Bildukoak direla zehaztu du.