EH Bilduko Kongresurako zerrendaburua Gipuzkoan, Marian Beitialarrangoitia, Ordizian egon da gaur Larraitz Ugarte diputatu ohiarekin eta Igone Lamarain hautagaiarekin batera, herritarrek boterea eskuratzeko dituzten aukeren inguruan eztabaidatzen. Boterea eraikiz ala eskuratuz? lelopean antolatu da mahai-ingurua Barrena Kultur Etxean.

“Gaur Ordiziara boterearen inguruko hausnarketa egitera etorri gara; boterearen eraikuntzaren ingurukoa, zehazki. EH Bildutik, garbi dugu boterea ez dela instituzioak eskuratzean oinarritzen, boterea herritarren gehiengoak eraikitzen duen zerbait dela. Herritarren ahalduntzean oinarritzen da boterea. Herritarrak oraina eta geroaren jabe, jendarte eta politika ereduen jabe izan behar gara. Herritar aktibo eta erabakitzaileak dira egoera iraultzeko bermea”, azpimarratu du Beitialarrangoitiak. Horregatik, “herritarren ahalduntzean sakondu eta erabakitze eskubidea praktikara eramatearen aldeko” apustua egin du. Bere hitzetan, “hori ezinbestekoa da bizi ditugun ezberdintasunekin amaitzeko, eredu ekonomiko justu eta iraunkorra ezartzeko, politika inposatzaileekin amaitzeko eta herri honek bakean bizi ahal izateko”.

EH Bilduko hautagaiak esan duenez, “instituzioak herritarren behar eta nahiei erantzuteko tresna izan behar dira. Eta gure egunerokoa baldintzatzen duten erabakiek bertan hartzen direla kontutan izanda, ezinbestekoa da herritarren hitza eta erabakia errespetatuko duen esparru bilakatzea”. EHBilduk horren baitan lan egiteko konpromiso irmoa hartu du, eta hauteskunde hauetan, horixe du abiapuntu: “Hemen, Euskal Herrian, herritarrok hartutako erabakiak errespetaraziko ditugu Madrilen, eta, horretarako, EH Bilduren baitan gipuzkoar gehiengoon indarra biltzeko gonbita luzatzen dugu. Abenduaren 20an bere oraina eta geroaren jabe den herri aske bat garela erakutsi dezagun”, adierazi du Beitialarrangoitiak.