Madrilgo Kongresurako eta Senaturako hurrengo igandean egingo diren hauteskundeek Euskal Herriarentzat izango duten garrantzia nabarmendu du Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak, gaur arratsaldean, Bilbon egindako ekitaldi politikoan. “Sinestarazi nahi digute, beste behin, euskalerritarroi ez dagokigula burujabetza zati txiki bat baino. Sinestarazi nahi digute hauteskunde hauetan Madril ala Madril aukeratu behar dela. Bada, guk diogu ezetz: hauteskunde hauetan Madril ala Euskal Herria aukeratu behar da. Eta guk, Euskal Herria aukeratzen dugu, Euskal Herria Bildu”.

Eskubide historikoen gaia eztabaida politikora itzuli dela esan du Arraizek. “Duela 40 urte egin ziguten kontzesio gisa ulertzen dute batzuk, beste batzuentzat Euskal Herriak inoiz izandako burujabetzaren hondarrak dira. Gure ustean, aldiz, horien eguneratzea da garrantzitsuena, eta horien eguneratzea, gaurko egunean, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea da”.



EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du erabakitzeko eskubideak herri honen gehiengo sozial zabal bat batzen duela. Zentzu horretan, Euskal Herriko gizon eta emakumeek hemen erabaki nahi dutela agertu du. “Hemen erabaki nahi dugu. Hemen erabaki nahi dugu gure hezkuntza, gure osasun sistema, lan politikak... Eta nahi dugu hemen erabakitakoa han errespetatzea”.

Arraizek ez du uste abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren aldaketarik egongo denik Espainiako estatuan eta are gutxiago Euskal Herrian. “Duela 40 urte ez zen aldaketa politikorik egon gure herriarentzat, eta orain, Madrilgo laukotearekin, ez da aldaketarik egongo”. Zentzu horretan, hauteskunde hauetako egiazko partida Euskal Herrian jokatzen dela esan du, eta ez Madrilen.

Jon Iñarritu Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, bere aldetik, botoa ematera deitu ditu beren burua abertzale eta aurrerakoi sentitzen duten herritar guztiak. “Jende horri guztiari esan nahi diogu abertzaletasun aurrerakoia dela benetako burujabetzaren alde lan egiten duen bakarra. Bizkaitarrek erabaki gehiago hartu ahal ditzaten jarduten duen indarra. Bizkaiko interesak Madrilean aurrean benetan defendituko dituen taldea: hori da Euskal Herria Bildu”.