Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Onintza Enbeitak esan du Espainiako estatuak ezin dizkiela “pentsio duinak bermatu euskal herritarrei”. Enbeitak salatu duenez, “azken urteotan, Espainiako Gobernuak %56,4 murriztu du Gizarte Segurantzako erreserba funtsa; OCDEko gainerako estatuek, ordea, handitu egin dute”.

Ildo horretan, hautagai subiranistak oso gogor kritikatu du PPren politika ekonomiko eta soziala. “Urgentzia eta diligentzia handiz bultzatu ditu enpresa handien, bankuen eta ekonomia espekulatzailearen beharrei erantzutera bideratutako erreformak, eskubide laboralak eta sozialak murriztuz, baina herritar xeheen beharrei erantzuteko orduan, aldiz, ez du ezer egin eta bazter utzi ditu. Alargun pentsioek eta gutxieneko pentsioek ez dute bizitza duina bermatzen”.

Egoera horren aurrean, Enbeitak burujabetzaren alde egin du, burujabetzak bakarrik bermatu ahal duelako “euskal herritarrek bizitza duina bermatzen duten pentsioak izango dituztela etorkizunean”.

Kalitatezko enplegua

Bere aldetik, EH Bilduko parlamentari Leire Pinedok honakoa adierazi du: “Gizarte Segurantzako gastuen eta sarreren arteko korrelazioa kontuan izanik, defizita Espainiako estatuan baino %5 txikiagoa da gurean”.
Halaber, Pinedok azpimarratu du oso garrantzitsua dela enplegua kalitatezkoa izatea, “gaurko eta etorkizuneko pentsioak bermatu ahal izateko Estatuaren diru kutxari egiten zaizkion ekarpenei esker”.