Pentsioen etorkizuna eta gaia aztertzeko, mahaingurua egin du gaur EH Bilduk, Donostian. Bertan parte hartu dute Marian Beitialarrangoitia eta Rafa Larreina Kongresurako Gipuzkoako hautagaiek eta Marian Esnaola sindikalistak. Horren aurretik, EH Bilduko ordezkariek bilera egin dute pentsiodunekin. Mahaingurua abiatu aurretik komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Beitialarrangoitiak esan du Madrilen hartzen diren erabakietatik ez zaigula ezer onik etorriko Euskal Herrira. “Gauzak oso garbi daude. Madrilek inposatzen dizkigunean bere politikak, denak okerrera egiten du: murrizketak eta milaka herritarren bizi baldintzen okertzea dakarkigute”.

Irtenbidea erabakiak Euskal Herrian hartzea dela azpimarratu du. “Hori da bide bakarra gure herritarrei pentsio duinak bermatzeko”.

Hurrengo hauteskundeetako joko-eremu garrantzitsua Euskal Herria dela esan du Beitialarrangoitiak. “Abenduaren 20an, benetako partida ez da Madrilen jokatzen: benetako partida hemen jokatzen da, Euskal Herrian. Eta erabaki behar duguna da Madrilen erabakien menpe jarraitzen dugun, edo gure erabakiak hartzen ditugun, izan nahi dugun pentsio sistema barne”.