Iñaki Antiguedad Kongresurako hautagaiak Euskal Herriaren kudeaketa aldarrikatu du, “baina aldi baterako burujabetza partzialeko mailegurik gabe, burujabetza osoa aldarrikatzen dugu”.



EH Bilduk EHUren Bilboko paraninfoan egindako ekitaldi politikoan esan du A-20ko argazkia “zoriontsua” izango dela. “Hauteskundeetatik aterako dugun argazkia pozgarria eta zoriontsua izango denaren itxaropena dugu, baina garrantzitsuena ez da argazkia, sekuentzia baizik. A-20ko hauteskundeak burujabetzarako gure bidean tarteko helmuga bat baino ez dira”.



“Gure proiektua ez da Espainiako klimara egokitzeko; ez dugu Espainiaren beroketa globalean parte hartu nahi, gure apustua Euskal Herriko klima hoztea delako”, azpimarratu du.

Antiguedadek esan duenez, “EH Bilduko diputatuek Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatuko dute Madrilen, Europako beste edozein estaturen eskuduntzak eta gabeziak eduki nahi ditugulako”.

“Gure botoa ez da harako, hemengorako da”, nabarmendu du. Gaineratu duenez, “EH Bilduko ordezkariek Madrilen izango dute ipurdia, baina bihotza eta burua Euskal Herrian izango dute, burujabetza erdiestea dutelako helburu”.

Onintza Enbeita Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, bere aldetik, nabarmendu du EH Bildu dela “Euskal Herria bere osotasunean aldarrikatzen duen indar politiko bakarra”, eta Ebrotik Ibaizabalera eremu geografiko bat ordezkatzen duen lurralde bakarra dagoela, Euskal Herria, eta horrenbestez, Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dagokiola esan du.

Iñaki Antiguedaden hitzartzea osorik: