EH Bilduko Kongresurako zerrendaburua Gipuzkoan, Marian Beitialarrangoitia, Urretxu eta Zumarragan egon da gaur Santa Luziko ferian, koalizioko zenbait hautagaiekin batera. Bertan, elikadura burujabetzarekin, sasoian sasoiko produktuak kontsumitzearekin eta inguruko produktore txikiekin duen konpromisoa adierazi du.

2008an krisia lehertu zenetik nekazaritzak 7.000 lanpostu galdu ditu eta azken 30 urtetako joerari erreparatuz gero, Euskal Herrian lau baserritatik hiru galdu egin direla azpimarratu du Beitialarrangoitiak. Datu horiek erakusten dute lehen sektorean izan den enplegu galera, eta baita elikadura burujabetzan dagoen defizita.

“Burujabe izan nahi duen herri batek, hori baino garrantzia gehiago eman behar dio bere elikadura produkzioari eta uste dugu unea iritsi dela egoera iraultzeko bitartekoak jartzeko”, esan du hautagaiak. Bere ustez, “azken hamarkadetako elikadura sistema neoliberalak atzera pausua handiak ekarri dizkigu, eskubide eta behar guztien gainetik korporazio handien irabaziak jarri direlako, elikadura merkantzia soil bilakatuz”. Elikadura ordea, oinarrizko beharra da, eta EH Bilduren aburuz, “herri modura tokiko elikadura sistema iraunkor, justu eta osasuntsuak eraiki, eta elikagaiak fisikoki eta ekonomikoki eskuragarri izatea premiazkoa da”.

“Bizitzea merezi duen bizimodua izango duten herri bat eraiki nahi dugu, hortaz, elikadurari dagozkion erabakiak ere garrantzitsuak dira oso eta ezin ditugu gerorako utzi, ez beste inoren esku utzi. Hemen erabaki behar dugu hori nola egin, gure eta ondorengoen etorkizuna dugulako jokoan. Den dena erabaki nahi dugu, baita gure elikadura gertukoa, justua, osasuntsua, garaian garaikoa kontsumitzearen aldekoa ere; eta horren alde gehiengoak biltzeko EH Bilduren aldeko bozka da bidea, herritarrak bere erabakien protagonista egingo dituen botoa baita”, azpimarratu du Beitialarrangoitiak.