Ekitaldi berezia Tafallan, humorez betea eta giro bikainean. Pasa den maiatzean, Tafalla, Nafarroako aldaketaren ikurretako bat bilakatu zen, "orain Madrilen islatu nahi dugun aldaketa hain zuzen, ez baitiegu utziko UPN eta PPri, nafarron borondatearen gainetik beste behin ere pasatzen!". "Nafarroak hitz egin dezala! Nafarroak erabaki dezala! Bertako gazteak hemendik joan ez daitezen aukera faltagatik! Emakumeak bigarren mailako hiritar sentitu ez daitezen! Langileak multinazionalen esku dauden merkantzia hutsak izan ez daitezen!".

Sabino Cuadrak, erregimenaren kanpaina leloei erreparatu die lehendabizi "UPNk orain dio 'Ez dela gauza bera', hain zuzen UPN eta PP gauza bera direla erakutsi dutenean! Elkarrekin ibili dira murrizketak inposatzen eta mozalak jartzen. Carlos Salvador UPNkoa izan da PPren inposaketa eta atzerakaldi guztiak sutsuki txalotu dituen diputatu bakarra". Alderdi sozialistari ere zuzendu zaio Sabino Cuadra "Gehiengoaren etorkizunaz mintzo dira, hemen nafarroan aunitzetan gehiengo politiko eta sozialaren kontra, erregimenaren besotara joan den bitartean".

Bestalde Miren Aranoak, Nafarroak bizi duen une historikoa azpimarratu du Tafallan, "urtetako lanaren fruitua egun bizi dugun aldaketan islatzen da. Eta ikusten ari gara, beren egunkarian, beren polemika antzuetan... erregimena urduri dagoela, ez baitu onartu beren botere gune guztietatik kanporatuak izaten ari direla, azken bultzada eman behar diegu! Izan ere, gu geu ez gara orain kokilduko, urteetako borrokek eta lanek bultzatzen baitgaituzte, egun bizi dugun egoera sakondu eta iraun dezan!". "EH Bildu da, Nafarroa askea, solidarioa, insumisoa, errebeldearen ahotsa, Sabino Cuadra izango da gure ordezkaririk onena".