Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, Espainiako estatua “krisi larrian” murgilduta dago, krisi ekonomikoa eta politikoa. “Espainiako estatuaren lurralde eredua krisi sakonean dago, Katalunian ikusten ari garen bezala. 40 urtean sinestarazi nahi izan digute aldaketa politiko eta soziala Espainiatik etorriko zela. Eta aldaketa politikoa Madrildik helduko zela Euskal Herrira”.

“Madrilen ongi asko dakite zein diren mina egiten duten bozkak”, azpimarratu du Arraizek, gaur arratsaldea, Laudion egindako ekitaldi politikoan. “Mina egiten dien bozka bakarra da behin eta berriz isilarazten dutena. Mina egiten dien bozka da EH Bildurena. Horregatik telebistan egindako eztabaida guztietatik kanpo utzi gaituzte, Kongresuko 5. indar politikoa izanda ere. 9 indar politikotako ordezkariak eraman zituzten Televisión Españolara. Guri ez ziguten eztabaida horretan parte hartzen utzi. Zergatik? Mina eta beldurra eragiten dielako, horregatik”.

“Eta adi, inork pentsatuta bazuen abenduaren 20an etxean geratzea hauteskunde hauek gureak ez direlako, pentsa dezala ondo, Madrilen denok zenbatuko gaituzte eta", nabarmendu du Arraizek. “EH Bilduren boto bakoitza boto soberanista gisa zenbatuko dute. Etxean geratzen direnak zalantzadun moduan zenbatzen dituzte, Madrilen edo hemen erabakitzearen alde dauden zalantzan. Abenduaren 20an zalantzarik ez, soberanista guztiok botoa ematera!”

Iker Urbina Kongresurako Arabako hautagaiak, bere aldetik, azpimarratu du obedientzia estataleko alderdiek ez dituztela defendatuko Arabaren eta Euskal Herriaren interesak, nahiz eta kanpainan behin eta berriro hori errepikatu.“Gezurra da. Pelikula hau ondo baino hobeto ezagutzen dugu herri honetan”.

Zentzu horretan, agertu du inork ez duela defendatuko Garoñaren desegitea, inork ez duela lan egingo Forondako aireportuari irtenbidea bilatzeko, inork ez dituela defendatuko Trebiñuren interesak... “Ezagutzen zaituztegu, zuok beste interes batzuk defenditzen dituzue, ez arabarrenak. Beste gauza batzuen artean, egin beharreko guztia Madrilgo beraien egoitzan zehazten dizkietelako. Guk egiten dugu, edo ez du beste inork egingo”.