Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak Santurtzin adierazi du “estatuan ez dela aparteko aldaketarik izango”. Bere esanetan, “errealitateak erakutsi digu aldaketa gure herrian soilik dela posible eta Nafarroa horren adibide da”. Ildo horretan, Irantzu Varelak ziurtatu duenez “EH Bilduk ahalbidetuko du aldaketa hori pixkanaka pixkanaka gure geografia osotik hedatzea”. “Abenduaren hogeia beste mugarri bat izango da bide horretan”, esan du.

Varelak gazteen, emakumeen, gizonen, feministen eta pentsionisten botoa eskatu du. “Benetako aldaketarantz eta burujabetzarantz urratsak ematen jarraitu nahi badugu, inor ez dadila etxean geratu”, esan du.

Bere hitzetan, “A20an bi boto egongo dira: erreforma eta lifting-arena, batetik, eta burujabetza eta gure erabakien errespetuarena, bestetik”.

Varelak esan duenez, “oso garrantzitsua da erabakiak hemen hartu behar direla eta erabaki horiek errespetatu egin behar direla pentsatzen dutenek ordezkaritza indartsua izatea EH Bilduren aldeko botoa emanez”.

“Burujabetza gehiago nahi duenaren botoa EH Bildu da. EH Bilduri botoa ematea burujabetza gehiagoren alde bozkatzea baita”, esan du.

Oskar Matute

EH Bilduko Legebiltzarkideak adierazi duenez, “gehien izorratzen dien presentzia gurea da. Gu Madrilen, “demokraziaren templu” gisa aurkezten duten Kongresu horretan egoteak erabat izorratzen ditu. Horrek gogorarazi egiten die gu baztertzeko saiakera guztiek kale egin dutela eta ohartu egiten dira gure herria duina dela eta ez duela burua makurtzen bere ideien defentsan”.