Marian Beitialarrangoitia Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, gaur arratsaldean, EH Bilduk Azpeitian egindako ekitaldi politikoan adierazi duenez, “hauteskunde hauek berebiziko garrantzia dute: gure ametsak daude jokoan, itotzen gaituen egoera hau iraultzea, menpeko gaituzten kateak haustea. Herri burujabe eta independentea izan ala dugunarekin konformatu eta menpeko izaten jarraitu. Hemen guk gurea erabaki, ala han beste batzuen interesen bueltan guregatik erabakiak hartzea. Horiek dira aukerak, eta abenduaren 20an, EH Bilduri bozka ematen, burujabetzaren aldeko urratsa emango dugu”.

Hautagaiaren ustez, “Espainiako estatua gero eta eskuinekoagoa eta birzentralizatzaileagoa da. Inposaketa eta ukazioa besterik ez dizkigu eskaintzen, beraz, aldebikotasunaz hitz egitea fikzio hutsa da. Aurrean daukagunak, Estatuak, gure bizitzetan erabakitzeko boterea daukala uste du eta horrela jokatzen du, eta horrela, ezinezkoa da aldebikotasuna".

Horregatik, Beitialarrangoitiak gonbidatu ditu bai azpeitiarrak bai euskal herriko herritar guztik EH Bilduri bozka ematera, “ozen adierazteko ez garela ametsen munduan bizi, ez gaudela Espainiatik hau edo beste etorriko den ameskerietan galduta eta hankak lurrean ditugula, martxan, lanean dagoen herri bat dela gurea”.

Horrela, EH Bilduko ordezkarien ekipo sendoa Euskal Herriaren erabakien defentsan arituko da: “Hemen hartutako erabakiak errespetaraziko dizkiegu. Bere orainaren eta etorkizunaren jabe den herri bat da gurea eta halaxe erakutsiko dugu Abenduaren 20an. Ez dadila inor etxean gera, ez dezagun uste beste inork gure erabakien defentsa egingo duenik, gure askatasunaren alde egingo duenik”.