EH Bilduren baitan dauden sentsibilitate politiko ezberdinak ordezkatzen Madrilgo Kongresuan eta Senatuan izan diren hainbat kidek agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, EH Bilduri botoa eskatzeko. Hau da Sabino Cuadra eta Itziar Aizpuruak agerraldian irakurritako testua:

Gaur hemen gauden gizon eta emakumeak Madrilgo Kongresuan eta Senatuan egon ginen gure bizitzetako uneren batean. Egun EH Bildu barnebiltzen dituen sentsibilitate politikoak ordezkatzen egin genuen lan Madrilen, beti ere gure herriaren, Euskal Herriaren, eta euskal herritarren interesak, desioak eta ametsak aldarrikatzen.



Gutako bakoitzak bere garai historikoan egin zuen bezala, orain ere ezinbestekoa da erabakiak herri honetan hartu behar direla eta erabaki horiek praktikan jarri behar direla uste duten ordezkari politikoak Madrilen egotea. EH Bildu osatzen duten alderdiek beti ulertu izan dute gure herriaren etorkizuna Madrilen jokatzen zen bakoitzean han egon beharra dagoela. Orduan guri egokitu zitzaigun bezala, orain EH Bilduko ordezkariei dagokie zeregin hori betetzea. Eta zenbat eta ordezkari gehiago izan Madrilen, hobeto, EH Bilduren boto-paper bakoitza herri honen erabakien aldeko bultzada bat delako.

Gutako zenbaitzuri egokitu zitzaigun bezala, orain ere Espainiako estatuaren balizko erreformaz eta horien onurez hitz egiten ari dira Madrilen. Hemen gauden gizon eta emakumeok ondo baino hobeto ezagutzen dugu zer den balizko erreforma hori eta zein den bere esanahia Euskal Herriarentzat eta euskal gizartearentzat. Argi eta ozen diogu: 40 urte eta gero, haustura demokratikoa da gure herriaren etorkizunerako berme bakarra.

Hurrengo hauteskundeetan bi aukera izango dira mahai gainean: Espainiako estatuaren erreformaren alde egitea, hau da, Espainiako estatuaren barruan bizitzera kondenatuta dauden herrien eta herritarren eskubideak zapaltzen dituen estatu eredua zuritzeko eta makilatzeko operazio baten parte hartzea; edo Euskal Herrira demokrazia eta herritar guztien eskubideen errespetua ekartzea ahalbidetuko duen haustura demokratikoaren alde egitea. Eta hemen gauden gizon eta emakumeok oso argi daukagu: EH Bildu da haustura demokratikoa gauzatzea nahi duen eta bultzatzen duen bakarra.

Beraz, demokrazian, herritar guztien eskubideen errespetuan eta Euskal Herrian hartzen diren erabakiak errespetatu eta gauzatu behar direla uste duten pertsona guztiek EH Bilduren alde egitea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Herri honen erabakian eta askatasunean sinesten duen pertsona bakar baten boto-papera ezin da etxean geratu. Guk eta gure garaiko pertsonek egindako lan guztiaren fruitua jasotzea gero eta hurbilago dago. Horretarako, bidean aurkitzen ditugun aukera guztiak baliatu beharra dago. Eta abenduaren 20ko hauteskundeak bide horretan eman beharreko beste urrats bat dira.

Agerraldian parte hartu dutenen zerrenda:

Iñigo Iruin

Miguel Castells

Itziar Aizpurua

Sabino Cuadra

Iñaki Esnaola

Jose Luis Elkoro

Urko Aiartza

Maite Aristegi

Iñaki Antiguedad

Angel Alcalde

Josu Iraeta

Alberto Unamunzaga

Xabier Mikel Errekondo

Jon Iñarritu

Amalur Mendizabal

Rafa Larreina

Iker Urbina