Lorena Lopez de Lacalle Senaturako Arabako zerrendaburuak, gaur arratsaldean, EH Bilduk Dulantzin egindako hitzaldian adierazi du Euskal Herriak hartzen dituen erabaki guztien jabe izan nahi duela. “Garbi esan behar duguna da hemen herri bat dagoela bere erabaki guztien jabe izan nahi duena. Hauteskunde hauetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, Hego Euskal Herriko herrialde guztiak ordezkatzen dituen zerrenda bakarra izango da. Badakizue zein den: EH Bildu. Herri honen erabakien defentsa bere osotasunean egiten duen aukera bakarra EH Bildu da. Egunerokoan garrantzitsuak diren gaien inguruan ari gara; Garoña, Trebiño, Arabako ardoen sor marka edota Foronda bezalako erabakien inguruan, alegia”.

Lopez de Lacallerekin batera, Iker Urbina Kongresurako Arabako zerrendaburuak hartu du hitza Dulantziko hitzaldian. Abenduaren 20ko hauteskundeetan euskal herritarrek bi aukera izango dituztela mahai gainean adierazi du.“Ezinezkoa den erreforma, beste guztiek modu batera edo bestera defendatzen dutena. Eta haustura demokratikoa, EH Bilduk baino defendatzen ez duena".

“Erreforma ezinezkoa dela diogu, ez delako egia eta ez delako posible gure jendearen eta gure herriaren eskubideak babestuta eta errespetatuta Espainiako estatuaren erreforma egitea”, esan du Urbinak.

Zuzenbide estatua baino gehiago, Espainiako estatua “gero eta eskuinekoagoa eta birzentralizatzaileagoa” dela agertu du Urbinak. “Horrenbestez, aldebikotasunaz hitz egitea fantasia politikoaren munduan sartzea da. Aurrean tokazun interlokutorea, estatua, gure bizitzetan erabakitzeko boterea daukala uste duenean eta horrela jokatzen duenean, ezin da aldebikotasunik egon”. Urbinak azpimarratu du argi duela “aldaketa aldarrikatzen ari diren alderdiek, guztiek, Madrilen dutela erabki-gunea”. “Erabakiak Madrilen hartzen dituzte eta gai potoloen aurrean, ziur naiz, Madrileko deiak jasotzen dituztela; egin ez dakit asko egiten dituzten baina jaso, argi dago jasotzen dituztela”. EH Bilduk hautagaiak asanbladetan aukeratu zituela gogoratu ostean, “arabarrontzako erabakiak Araban hartu behar direla gaineratu du”.