Marian Beitialarrangoitia Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, gaur arratsaldean, EH Bilduk Lasarten egindako ekitaldi politikoan adierazi du Euskal Herriak hartzen dituen erabaki guztien jabe izan nahi duela. “Garbi esan behar duguna da hemen herri bat dagoela bere erabaki guztien jabe izan nahi duena. Hauteskunde hauetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, Hego Euskal Herriko herrialde guztiak ordezkatzen dituen zerrenda bakarra izango da. Badakizue zein den: EH Bildu. Herri honen erabakien defentsa bere osotasunean egiten duen aukera bakarra EH Bildu da”.



Beitiarrangoitiarekin batera, Oskar Matute EH Bilduko bozeramaileak hartu du hitza Lasarteko ekitaldi politikoan. Abenduaren 20ko hauteskundeetan euskal herritarrek bi aukera izango dituztela mahai gainean adierazi du. “Ezinezkoa den erreforma, beste guztiek modu batera edo bestera defendatzen dutena. Eta haustura demokratikoa, EH Bilduk baino defendatzen ez duena".

“Erreforma ezinezkoa dela diogu, ez delako egia eta ez delako posible gure jendearen eta gure herriaren eskubideak babestuta eta errespetatuta Espainiako estatuaren erreforma egitea”, esan du Matutek.

Zuzenbide estatua baino gehiago, Espainiako estatua “gero eta eskuinekoagoa eta birzentralizatzaileagoa” dela agertu du Matutek. “Horrenbestez, aldebikotasunaz hitz egitea fantasia politikoaren munduan sartzea da. Aurrean tokazun interlokutorea, estatua, gure bizitzetan erabakitzeko boterea daukala uste duenean eta horrela jokatzen duenean, ezin da aldebikotasunik egon”.