Gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko eguna ospatzen den honetan, kalera irten eta ETXERAT-ek deitutako giza kate honetara bildu gara, hain zuzen estatu espainarrak indarrean duen espetxe politika krudela salatzeko asmoz.

Izan ere, hauxe da, Madrilen topatu dugun beste harresietako bat, inmovilismo ANKERRA, preso diren pertsonen oinarrizko eskubideak hurratzen dituena, harendako eta beren senitartekoendako suposatzen duen zigor gehigarriarekin.

EH Bilduk gogor eta ozen salatuko du egoera hau Madrilen, halaxe egin dugu orain arte, eta indartsu eginen dugu abenduaren 20tik aurrera ere. Ezin baita giza eskubideen aldeko diskurtsoa egin alde batetik, eta bestetik salbuespen espetxe politika krudelena mantendu. Bateraezinak dira bata eta bestea. Asteburuero 50minutoko bisita laburra egiteko milaka kilometrotako bidaietara bultzatzen gaituen salbuespen politika, aste honetanb bertan ikusi dugun moduan, bere amaren azken uneotan bere semea etxean egotea debekatzen duen zigor gehigarria edo ta ehunka kilometrotara, gaixotasun larrienak dituzten presoak ziega ilun batean gordeta dituen politika krudela.
Honetan ere Kongresuan PPren inposizioen aurrean tinko agertuko gara. Hemen nafarroan, gai honekin dagoen gehiengo politiko eta sozialaren ahotsa eta erabakia entzunaraziko dugu, behingoz eskubide guztiak, persona guztiengan bete daitezen.