Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Etxerat elkarteak antolatutako zapi katean parte hartu du Arabako Kongresurako hautagaia den Iker Urbina. EH Bilduk, gaixorik dauden presoen eskubideak aldarrikatu ditu.

 Urbinak gogoratu duenez, 12 dira gaixotasun larriak izan arren espetxeratuak mantentzen dituzten presoak. Era berean, 400 euskal presoak 76 espetxetan sakabanatuta daudela esan du.

“Estatuaren erabaki politikoa da egun aplikatzen zaien zigorra gogortzea helburu argi batekin: preso, senide eta lagunen kaltea eta sufrimendua areagotzea eta behinbetiko konponketa ekiditea”. EH Bilduko hautagaiak gaineratu duenez, “horrela ulertu daiteke bakarrik gaixotasun larriak dituzten 12 pertsona espetxean mantentzea, isolamendua aplikatzea, adineko pertsonak espetxeratuta izatea, edota 400 pertsona horiek 76 espetxeetan sakabanatuta edukitzea”.

“Oinarrizko giza eskubideetaz ari gara, salbuespeneko zigor politika baten baitan urratzen diren pertsonen eskubideetaz”, adierazi du. “Ezin da onartu egoera mantentzea, ez da zilegia urraketa sistematiko eta konsziente honen aurrean aurpegia bueltatzea, edota eskubideak merkantzia politiko bezala erabiltzea”.

Urbinak esan du lehentasunezko zeregina dela modu integralean heltzea euskal gatazka politikoaren ondorioei. “Eta presoen auziak lehentasunetariko bat izan behar du.Horretarako euskal presoak Euskal Herrira bueltatzea ezinbesteko urratsa da”. Zentzu horretan, egungo legedia helburu horrekin egokitu eta erabili behar dela agertu du.

Pablo Gorostiaga Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere hartu du hitza. Gorostiagak azaldu duenez “Kartzela politika honen nondik norakoak gertutik ezagutzea tokatu zait, Euskal Herrian beste milaka laguni moduan. Eta gaur, giza eskubideen egunean, argi esan dezaket euskal preso politikoak urraketa konstante baten isla direla. Eurak eta gu, senide eta lagun garenak, ehundaka kilometro astebururo egitera behartzen gaituztenak”.