Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Martuteneko espetxe aurrera joan da EH Bildu, gaixorik dauden presoen eskubideak aldarrikatzera. Elkarretaratzea egin dute EH Bilduko ordezkariek eta hautagaiek, eta ondoren, adierazpenak egin ditu Jon Iñarritu Kongresurako Bizkaiko hautagaiak.

Iñarrituk gogoratu duenez, 12 dira gaixotasun larriak izan arren espetxeratuak mantentzen dituzten presoak. Era berean, 400 euskal presoak 76 espetxetan sakabanatuta daudela esan du.

 “Estatuaren erabaki politikoa da egun aplikatzen zaien zigorra gogortzea helburu argi batekin: presoeen eta senitartekoeen kaltea eta sufrimendua areagotzea eta behinbetiko konponketa ekiditea”. EH Bilduko hautagaiak gaineratu duenez, “horrela ulertu daiteke bakarrik gaixotasun larriak dituzten 12 pertsona espetxean mantentzea, isolamendua aplikatzea, adineko pertsonak espetxeratuta izatea, edota 400 pertsona horiek 76 espetxeetan sakabanatuta edukitzea”.

“Oinarrizko giza eskubideetaz ari gara, salbuespeneko zigor politika baten baitan urratzen diren pertsonen eskubideetaz”, adierazi du. “Ezin da onartu egoera mantentzea, ez da zilegia urraketa sistematiko eta konsziente honen aurrean aurpegia bueltatzea, edota eskubideak merkantzia politiko bezala erabiltzea”.

Iñarrituk esan du lehentasunezko zeregina dela modu integralean heltzea euskal gatazka politikoaren ondorioei. “Eta presoen auziak lehentasunetariko bat izan behar du. Horretarako euskal presoak Euskal Herrira bueltatzea ezinbesteko urratsa da”. Zentzu horretan, egungo legedia helburu horrekin egokitu eta erabili behar dela agertu du.

Naike Diez Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere hartu du hitza. Preso baten senide gisa hitz egin du Diezek. “Kartzela politika honen nondik norakoak gertutik ezagutzea tokatu zait, Euskal Herrian beste milaka laguni moduan. Eta gaur, giza eskubideen egunean, argi esan dezaket euskal preso politikoak urraketa konstante baten isla direla. Eurak eta gu, senide eta lagun garenak, ehundaka kilometro astebururo egitera behartzen gaituztenak”.

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta egin dugun bideoa:



Atzo Gasteizen presoen eskubideen aldeko mosaikoa osatu genuen. Hona hemen bideoa: