Txiki geratu da Tuterako La Rua aretoa EHBilduko hautagaia den Sabino Cuadra eta Adolfo Araizen hitzaldia jarraitzeko. Ekitaldian azpimarratu den moduan, aldaketa haizea dabil Erribera aldean, maiatzean hasi zena eta orain ere indartsu somatzen dena. Sabino Cuadrak sustengua eskatu du "EH Bildu indartsu batek UPN eta PPk nahieran arituko direla ekidin dezan. UPN izan baita PPren murrizketa, atzerakaldi eta inposizio guztiei baiezko bozka eman dien bakarra. Bakarrik geratu da Carlos Salvador PPren inposaketak txalotzen".

Tuteran Sabinok Bardeetako Tiro Eremua izan du hizketagai, "kuriosoa da nola duela urtebete Tiro eremuaren kontra gogor azaltzen ziren batzuk, nola leundu duten beren mezua, orain zalantzak dituzte eta NATOrekin sinatutako beteko dutela diote. Agian zerrendetan dituzten militarren eragina izanen da".

Adolfo Araizek, maiatzetik honat lortutako aldaketa pausoak azpimarratuz "udaletan eta Gobernuan lortutakoari beste pausu bat eman behar diogu abenduaren 20an, erregimenaren azken potere eremuak kendu!".