EH Bilduk ‘Bildu feminismora, zer dugu jokoan? Estatu feministaren eraikuntza’ izenburuko mahai-ingurua egin du gaur goizean Donostiako EHUren Ibaetako campuseko kafetegian. Bertan Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako Kongresurako hautagaiak, Onintza Enbeita Bizkaiko Kongresurako hautagaiak eta Irantzu Varela Senaturako Bizkaiko hautagaiek parte hartuko dute, Jule Goikoetxea EHUko irakaslearekin batera.

Ekitaldian, Marian Beitialarrangoitiak emakumeen paperaren eta protagonismoaren garrantzia azpimarratu du, beren hitza eta erabakiaren jabe izan behar direla aldarrikatuz. “Emakume burujabe eta askeak izan nahi badugu, pertsona libreen herri bat eraiki nahi badugu, hitza eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Ezin diogu inori utzi gure ordez erabakitzen, erabakiak hemen hartu behar dira” baieztatu du EH Bilduko hautagaiak.

Norabide horretan, Beitialarrangoitika azpimarratu du Madrildik ezin dugula ezer espero eta hauteskunde hauetan premiazkoa dela soberanisten bozka mobilizatzea. “Madrildik, ikusi dugu datorrena; ez da aldaketarako aukerarik eskaintzen, eta proposatzen diguten bakarra Espainian erabakitzen dutenari men egitea da” salatu du kongresurako hautagaiak. “Emakume askeak izateko, ahalik eta indar gehien bildu behar ditugu Euskal Herrian eta gure bideari ekin. Burujabetza osora daraman bidea. Euskal Herria Bildu da herri honentzat burujabetza osoa eskaintzen duen aukera bakarra. Horregatik, abenduaren 20an hautesontziak boto soberanistaz bete behar ditugu. Ez dadila soberanistarik etxean gelditu”, amaitu du Marian Beitialarrangoitiak.