EH Bildu mezu argi batekin joango da Madrilera abenduaren 21etik aurrera, azpiegituretan ere Euskal bidea ibili nahi dugu. Erabakiak Euskal Herrian hartu behar ditugu, gure azpiegiturak, gure herria egituratzeko beharrezkoak diren azpiegiturak Euskal Herrian erabaki nahi ditugu. Ez da soilik Madriletik Euskal Herrira ekarri nahi dugula erabaki esparrua, enpresa batzuen bulego itxietatik kalera atera nahi ditugula ere.

Abiadura Handiko Trena da, enpresa pribatu eta politikari batzuen artean adostutako proiektuen adibide argigarriena. Elite batentzako milaka miloi euro publiko gastatzea. Etekin pribatuak baina galerak publikoak, hori da Espainian azken hamarkadetan egin dan azpiegituren politika eta kasu honetan zoritxarrez ere, PNVren eskutik espainolizatu gaituzte azpiegitura arloan.

Abiadura Handiko Trena, ez da jasangarria, ez ekonomikoki; 5.000 miloi euro dagoeneko hipotekatuak eta bideragarritasuna aztertzen duten adituen txostenek oso argi esaten dute ez dela obretarako egindako inbertsioa sekula berreskuratuko, baina larriagoa dena, ustiapenaren kostuak ere ez. Zulo beltz amaigabe bat.

Ez sozialki; soilik Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren desplazamenduaren %1a jasotzeko tren bat delako. Beraz, milaka miloi euro hipotekatzen diren bitartean, langileak eta ikasleak gure eskualde batetik bestera eramaten dituzten aldiriko trenentzako gero eta diru gutxiago. Bitartean, Madrilen esku jarraitzen dute Renfe edo FEVEko aldiriko trenak. EH Bilduk oso argi dauka, Abiadura Handiko trenik ez eta aldiriko tren guztiak Euskal Herrian kudeatu behar ditugu.

Zer esanik ez ingurumen arloan; AHT-ren obretan isuritako CO2 kopurua, bere bizitza baliagarri osoan ez dira aurreztuko. Orain klima aldaketaren gaia bolo bolo dabilenean, argi eta garbi esan behar dugu, AHT-a ez dela tren bat, ez dela garraio jasangarri bat, bere ibilbidea egiteko sekulako triskantza ekologikoa sortarazi duen hegazkin bat baizik.

Beraz, ez dugu nahi azpiegitura arloan, lobby ekonomiko-politiko batzuek Madrilen, bulego itxietan erabakiak gure ordez hartzea. Ez gaude prest onartzeko, elite batentzako, elite ekonomiko politikoak egindako tren bat, langile klaseak ordaindu behar izatea. Euskal bidean, beste eredu sozioekonomiko bat eraiki ahal izateko tresna guztiak gure esku nahi ditugu. Hori da EH Bilduk Madrilen defendituko duena,Kasu honetan ere, azpiegiturak ezinbestekoak dira Euskal Herria era jasangarri batean egituratzeko.