Hemen azaltzen gara gaur prentsaurrekoan, EH Bildu osatzen dugun hainbat emakume, geure ahotsa, geure erabakiak ere ozen entzunarazi nahi ditugulako.
EH Bilduk, Nafarroan hartzen ditugun erabakiak defendatzeko helburua du Madrilen, baita Nafarroa morearena ere, Nafarroa feministarena.

Bi zutaberen gainean eraiki behar dugu Nafarroa more hori; batetik, emakumeok geure gorputzen eta geure erabakien jabe izatea, eta bestetik, gizarte eredu justua, eta berdintasunean oinarritua eraikitzea.

Erregimenak, bai Nafarroan, bai Estatuan, emakumeon eskubideen bortxaketa babestu du beti. Azken legegintzaldian, atzeraldi ikaragarria inposatu nahi izan zaigu Madrildik, bi eremu hauetan. Emakumeon burujabetza berriro ere kolokan jarri nahi izan dute, abortuaren legearen aldaketa dela eta. Ikara, beldurra ematen du, Espainiako sektore ultrenek emakumeendako nahi dutena. Hamarkada luzeetan, gu geu, gure amek, ahizpek, lagunek borrokatutakoa, bat batean borratu eta iraganeko sasoi ilunetara itzularazi nahi izan gaituzte.

Horren aurrean Nafarroako emakumeok planto egin dugu, eta esparru honetan ere, erabaki nahi dugula ozenki esaten dugu. Geure gorputzaz, geure bizitzaz, amatasunaz, erabaki nahi dugu

Arlo honetan ere saiatu dira, UPN eta PP, hemen Nafarrok erabakitakoa gelditzen. Egun hauetan gogoratzen ari gara nola epaitegi konstituzionalaren bitartez hemen onartutako 16 lege atzera bota dizkiguten UPNk eta bere bazkidea den PPk. Aurretik ere, abortua sare publikoan bermatzeko helburua zuen objektore sanitarioen erregistroa arautzen zuen legeari helegitea jarri zion PPk, nahiz eta kasu hoentan aurrera ez atera. Eta gogoratu besterik ez da egin behar UPNk urte luzez Nafarroan egin duen politika, abortatzeko eskubidea kriminalizatuz. Hori da UPNk eta PPk emakumeoi diguten errespetua, ez digute gure gorputzaz eta etorkizunaz libre erabakitzen utzi nahi.

Bestalde, UPN-PPk bai Nafarroan bai Madrildik inposatutako murrizketak, politika sozial eta ekonomikoak, lan erreformak, zerbitzu publikoen hondatze prozesua... eragin nabarmena izan dute emakumeongan.

Desberdintasunak areagotu besterik ez dituzte egin eta horrek emakumeon burujabetza ekonomikoan, bizi baldintzetan, eragin itzela izan du. Desberdintasun hori da, hain zuzen, indarkeria matxistaren muinean dagoena. Horixe da errotik aldatu behar dena. Baina horren aurrean itxurakeria eta arinkeria besterik ez dugu ikusten PPren aldetik. Debate famatuan Sorayak indarkeria matxistaren inguruan esan zuen gauza bakarra: neskak, ez utzi mutil lagunak zuen mugikorra begira dezan. Horixe da PPk daukan erantzuna? Emakumeon bizkar jarri arazoa, sakoneko muinera jo gabe? Lotsagarria, benetan.

Guk Nafarroan eraiki eta erabaki behar dugu emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatuko duen gizarte eredu justua, emakumeon erabakiak eta bizi baldintzak errespetatuko dituena. Emakumeok ezin gara egon edonolako Gobernuen erabakien edo eta sektore ultren presio eta inposaketen menpe. Nafar emakumeok erabakitzen duguna, eta duintasunez bizitzeko neurriak hartu behar ditugu. Hemen. Inori baimenik eskatu gabe.

Hauxe izanen da EH Bilduren lana, baita Kongresuan ere. Nafarroan erabakitzen duguna Madrilen defendatu eta errespetatua izan dadin lan egitea. Bai eta emakumeon burujabetza, emakumeon erabakiak errespetatuak izateko exijentzia ere.