Onintza Enbeita Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua eta Ikoitz Arrese Santutxun izan dira gaur, LOMCEren aurrean planto egin zuten familiekin batera hezkuntza sistema propioaren beharra azpimarratzen.

Madrildik PPren gobernuak, Wert buru zuela inposatutako LOMCE legearen aurrean Euskal Herriko hezkuntza komunitateak egindako plantoa goraipatu du Arresek, “Euskal Herriko familia desobedienteen ahotsa izan nahi dugu Madrilen”, gaineratu du.

“Gure ume eta gazteen kalterako dena gure herriaren kalterako da, gure etorkizunaren kalterako, LOMCE bezala” esan du Enbeitak. Horregatik, EH Bilduk “burujabetzaren ehuneko ehuna” nahi duela nabarmendu du, “inork ez dezala hemendik 400 kilometrotara erabaki gure hezkuntzak nolakoa izan behar duen”.

Enbeitak argi utzi du brujabetza ezinbestekoa dugula, “ez soilik kalte egiten diguten Espainiako lege horiek gure herrian aplika ez daitezen, sakoneko aldaketak egiteko baizik. Gure hezkuntza propioa, gure politika sozial propioak, gure ekonomia... gure etorkizuna marraztu eta eraikitzeko ezinbestekoa dugu burujabetza”.