Miren Larrion Gasteizko EH Bilduren zinegotziak erabakiak Euskal Herrian hartzearen garrantzia eta eragina azpimarratu du, gaur eguerdian, Biasterin egindako ekitaldi politikoan. Zentzu horretan, EH Bilduk horrela jokatzen duela eta horrek gure herrian eragin positiboa daukala esan du. “Denak berdin jarraitzea nahi dutenen aurrean, tinko lan egiten dugunon proiektua da EH Bildurena; mundua zuri-beltzean ikusi nahi dutenei, kolore eta ekimenarekin erantzuten diegunona”.

“Gure eskuetan dago gauzak aldatzea”, adierazi du Larrionek. “Gure eskuetan dago bota ezin zirela esan ziguten hormak botatzea; gure eskuetan dago etorkizuna iraganarekiko guztiz desberdina izatea; Gasteizen ere, ondo asko dakigu hori”. Gaineratu duenez, “ezer aldatu ezin zela ziotenei, Gasteiz betiko eurentzat izango zela ziotenei, ez genien sinetsi. Gasteiz beti zuri-beltzeko hiria izango zela ziotenei, NODOrako hiria izango zela ziotenei, ez genien sinetsi. Gezurrarekin, manipulazioarekin eta zatiketarekin beti boterean egongo zirela uste zuten horiei ez genien hitz erdirik sinetsi”.



“Gasteizko jendearen eraldatzeko gaitasun ilusionagarri eta koloretsuan erreparatu genuen bakarrik eta haiei sinetsi genien. Norabidez aldatu nahi zutenei, hiria behetik gora eraiki nahi zutenei, hiriburu berria eta ezberdina nahi zutenei. Indarrez betetako konprometitutako pertsona horiei esker, azkenean ‘Agur Maroto!’ esan ahal izan dugu garrasika”, agertu du Larrionek.

Alkate izango ez zela ikustean, Marotok Madrilera alde egin zuela salatu du EH Bilduko bozeramaileak. “Hainbeste maite zuen Marotok korrika eta presaka zeharkatu zuen Ebro ibaia, porrota jasan zuenean”, adierazi du. “Orduan ikusi genuen denok zenbat maite zuen Gasteiz. Madrilera joan zen korrika, Gurtelen, gutun-azalen eta antzeko jokabide ilunen bere lagunekin bat egitera”.

Marotori agur esatean, gobernatzeko estilo bati agur esan ziola Gasteizek azpimarratu du Larrionek. “Edo Espainiatik telekomando batekin erabakitzen dute Euskal Herriak zer izan behar duen, edo guk, gure heldutasunetik, erabakitzen dugu zer nahi dugun. Mugarik gabe, gure erabaki guztien jabe garen, edo beste batzuek beste nonbait erabakitzen duten. Eta hori da argi eta garbi aldarrikatu, esan eta egingo duguna: gure bizitzen benetako protagonistak izango gara. Beste inork ez digu esango zer den pentsatu, sentitu eta erabaki behar duguna”.

Urbinak Arabako ardogileen defentsa egin du

Iker Urbina Kongresurako Arabako hautagaiak, bere aldetik, adierazi du Arabak asko duela jokoan hurrengo hauteskundeetan. “Araban abian den aldaketa politiko eta sozialen aurrera egitea dago jokoan”. Zentzu horretan, salatu du Garoñarekin, Forondarekin edota arabarren egunerokoan eragin zuzena duten erabakiak ez direla hemen hartzen ez hemengo herritarren interesei erreparatzen. “Edo guk egiten dugu edo ez du beste inork egingo”, esan du.

Arabako ardogileen defentsa sutsua egin du Urbinak. “Nork defendatuko du Arabako Errioxan hartu beharreko erabakia? Nork defendatuko du erabaki hori ezin dela ez Logroñon ez Madrilen hartu? Nork defendatuko du erabaki hori ezin dela inposatu? EH Bilduk gure ardogileen, gure bodegen eta gure ardoaren alde egiten du. Bien bitartean, Maroto harro agertzen da Valladolideko ardo baten izena bere abizenarekin bat datorrela. Hori bai, gaur Biasterira dator argazkia egitera. Muturra behar da!”.
Urbinak agertu duenez, “gure erabakiak hartu behar ditugu, eta errespeta arazi. Gure bidea egin behar dugu”.