EH Bilduko ordezkariak Donostiako kaleetan izan dira, gaur arratsaldean, eskuorrien banaketa egiten eta herritarren kezkak entzuten eta jasotzen. Bertan izan dira, besteak beste, Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramailea eta Urko Aiartza Senaturako Gipuzkoako hautagaia.

Azkenaldian, herri honen eskubideen eta erabakien “aurkako eraso zentralizatzaile basatia” pairatzen ari garela salatu du Rebeka Uberak. “Espainiako estatuko botere instituzional, politiko eta finantziero guztiak elkar hartuta ari dira, bere barnean bizitzera kondenatuta dauden herriei eta herritarrei beren erabakien eta beren buruan jabe izaten ez uzteko”.

Zentzu horretan, erabakiak hartzeko unea dela azpimarratu du. “Herri honek, euskal gizarteak, erabakiak hartzeko unea iritsi da. Euskal Herriak bere bidea egiteko unea iritsi da. Erabakiak hartuz, erabakitakoa praktikan jarriz... Herri honek, euskal gizarteak, erabakiak hartuko ditu ekonomia hobetzeko, hezkuntza integratzailea eta kalitatezkoa izateko, aniztasunean bizitzeko... Azken baten, hobeto bizitzeko”

“Herri eta herritar gisa ditugun eskubideak errespetatzen ez dituztenei eta beren jardun guztia inposizioan oinarritzen dutenei susto bat eman behar diegu abenduaren 20an”, nabarmendu du Uberak. “Erakutsi behar dugu herri honetan asko garela herri eta herritar gisa hartzen ditugun erabakiak errespetatzea eta praktikan jartzea nahi dugunak. Horretarako, abenduaren 20an erabakiaren eta burujabetzaren aldeko boto-paperekin bete behar ditugu hautesontziak”.

Urko Aiartzak, bere aldetik, urratsak ematera deitu ditu herritarrak. “Gabonetan etxeko zapatak opariz betetzen ditugun moduan, herri honi zapata bete urrats, zapata bete burujabetza eskaini nahi diogulako. Herri honen bakearen alde urratsak emateko prest gaudelako, urratsak egoera sozial eta ekonomikoa aldatzearen alde eta urratsak askatasunaren alde. Horregatik, euskal jendartea bakearen, burujabetzaren eta askatasunaren alde gurekin batera urratsak ematera gonbidatzen dugu, abenduaren 20an EH Bilduren aldeko botoa emanaz. Gu gara gure oraina eta geroaren giltza”.