EH Bilduko ordezkariak Oreretan elkartu dira, gaur goizean, boto paperak gutunazaletan sartu eta etxez etxe banaketa lana egiteko. Oreretakoa ez da hori egingo duen herri bakarra, beste herri batzuetan ere EH Bilduko ordezkariak izaten ari direlako boto-paperen banaketa zuzenean egiten ari direnak.

Marian Beitialarrangoitia Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak ere parte hartu du boto-paperen banaketan. Adierazi duenez, “oraina eta etorkizuna dugu jokoan, herritarrak egunorokoan geure buruen jabe izatea eta gure erabaki propioak hartu eta hauek balioan jartzea. Gipuzkoan lehen indarra garela erakusteko etxean boto bakar batek ezin duela geratu uste dugu, eta abenduaren 20an lortuko dugun emaitzak ahalegin hori merezi du”.



Gure etorkizunaren, gure herriaren eta gure bizitzen jabe izateko modu bakarra abenduaren 20an hautesontziak EH Bilduren bozkaz betetzea dela esan du Beitialarrangoitiak. “Gainerakoek egun bizi dugun inposaketa eta menpekotasun egoera mantentzea beste proposamenik ez dute, eta badakigu horrek zer dakarren: murrizketak, prekarietatea, gazteentzako migrazioa eta emakumeontzako zapalkuntza, pobrezia eta bigarren mailako herritar izatea besterik ez”.

Egoera honi gehiagoz ezin zaiola eutsi, eta horretarako, Euskal Herrian erabakiak hartzeko tenorea iritsi dela adierazi du. “Madrilen errespetaraziko ditugunak, baina hemen hartu beharrekoak; eta bide horri indarrez ekiteko boto independentista bakar bat ezin da etxean geratu. Etxean geratzen den independentziaren aldeko boto bakoitza orain artean bezala jarraitzearen aldeko boto bilakatu delako: langileon, emakumeon eta gazteon eskubideen aurkako erasoetan sakontzen duena; mendekuan oinarritutako kartzela politika mantentzea ahalbidetuko duena eta herri honen ukazioa betikotuko duena. Beraz, egin dezagun jauzi abenduaren 20an, EH Bilduren aldeko bozka hartu eta eman dezagun urratsa erabakira eta garaipenera”.