Sabino Cuadra Kongresurako Nafarroako hautagaiak adierazi du Espainiako estatuko konstituzioa eta trantsizioa “inposizioa eta iruzurra” izan zirela. Independentzia aldarrikatzeko EH Bilduk deituta gaur eguerdian egin den manifestazioaren amaierako ekitaldi politikoan azpimarratu duenez, euskal gizartearen gehiengo zabal batek ez zuen onartu Espainiako Konstituzioa.

Espainiako estatuarekin lotzen gaituzten kateak askatzearen alde egin du Cuadrak. “Erregimen hau iruzur sozial politikoa eta demokratikoa da. Ustelkeria erraietaraino sartua dauka, eta termita frankistak bere oinarriak eta zutabeak janak ditu. Horregatik, gaur bertan hasi behar gara hari lotzen gaituzten kateak askatzen, osasun demokratiko eta sozialagatik”.

EH Bilduko hautagaiak esan du herriei dagokiela erabakitzeko eskubidea. “Erabakitzeko eskubidea Euskal Herritik, Kataluniatik eta Galiziatik pasatzen da, ez Madrildik. Ez da uzten diguten zerbait, ez da saria, ez da oparia. Gure herri izaeragatik dagokigu erabakitzeko eskubidea eta, onartua ez bada, bere egikaritzea abian jarriko dugu desobedientzia zibil eta instituzionalaren bitartez”.

“Eabakitzeko eskubidea nahi dugu, gure ekonomia gehiengo sozialen alde jartzeko”, nabarmendu du Cuadrak, “indarkeria matxistaren aurkako horma sendoak eraikitzeko eta gizarte patriarkalaren oinarriak deusezten hasteko; gure ingurumenarekin, gure mendi eta ibaiekin batera bidea egiteko; modu aske eta solidarioan gure ondoko herriekin harremanak izan ahal izateko; Euskal Herriko etorkizuna askatasunean, berdintasunean eta demokrazian eraikitzeko”.

EH Bilduren inguruan ehunka mila boto biltzeko deia egin du Cuadrak. “Boto horiek balioko dute askatasunari eta independentziari bidea irekitzeko”. Zentzu horretan, euskal gizarteak bidea duela egiteko agertu du. “Bide hori gure irudietan agertzen diren zapata anitz eta koloretsu horiekin egin behar dugu: sandalia demokratak, zapatila abertzaleak, abarka feministak, bota libertarioak, zapatila sozialistak. Zapata horiek balioko dute elkartasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri askerako bidea egin ahal izateko”.

Mugertza: “Mugitzen bagara, haiek galtzen dute”

Garazi Mugertzak, bere aldetik, EH Bilduren botoa ezberdina dela azpimarratu du, eta gogoratu du euskal gazteriak ez duela Konstituzioaren Eguna ospatzen. “EH Bilduren aldeko botoa boto errebeldea da; EH Bilduren aldeko botoa, dena aldatzeko botoa da; EH Bilduren aldeko botoa, gure buruen jabe izateko botoa da. EH Bilduren aldeko botoa gauzak irauli eta herri berri eta desberdin bat eraikitzeko dagoen boto baliagarri bakarra da”.

“Mugitzen bagara, guk irabazten dugu eta haiek galtzen dute”, azpimarratu du. “Horregatik, abenduaren 20an ez dugu huts egingo ; euskal gazte guztiak hautesontziak boto errebelde, intsumitu eta independentistaz betetzera !