Duela 40 urte, gola sartu nahi izan ziotela Euskal Herriari adierazi du Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak. “Demokrazia mozorroa jarri nahi izan zioten egiaz erreforma zenari. Herri honen bidezko aldarrikapenei edo edozein erregimen politikori eskatzen zaizkion gutxieneko demokratikoei erantzuteko gai ez zen aurpegi zuriketa baino ez zen izan. Orduko hartan, Euskal Herriak ezezko borobila eman zion jokaldi horri”.

Independentzia aldarrikatzeko Bilboko kaleetan egin den manifestazioa abiatu aurretik komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan agertu duenez, “gaur, beste gol bat sartu nahi digute. Erregimen berari beste aurpegi zuriketa bat egin nahi diote. Orain, laranja, urdina edo beste edozein koloretakoa izatea nahi dute. Bada, oraingoan gauzatuko dela uste dutenentzat albiste txarrak ditugu: ez digute sartuko duela 40 urte sartzen ahalegindu ziren gola”.

“Albiste txarrak ditugu haientzat”, azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak, “oraingoan guk sartuko diegulako gola: gaur Bilboko kaleetan, eta hilaren 20an askatasunaren aldeko eta herri honetan hartutako erabakien errespetuaren aldeko boto-paperez beteaz hautestontziak”.

“Gaur modu zinikoan herri honen askatasunen murrizketa ospatzen dutenek ez dute ezer ospatzeko izango abenduaren 20an. Abenduaren 20an hartu nahi duen bide bakarra bere burujabetzara doana dela argi eta garbi utziko du herri honek”, amaitu du.