Enbeitak salatu duenez, “hemengo instituzioek txikitasun konplexua daukate Madrilgo instituzioen aurrean eta askotan lehenesten dituzte hain handiak eta hainbat hizkuntzatara zabaltzen diren idazle, ekoizle edo sortzaile horiek, kontuan izan gabe gure herrian kalitatezko musika, kalitatezko literatura, kalitatezko artea eta kalitatezko kultura egiten dela”.

Onintza Enbeita, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, “Durangoko azoka arnasgunea da euskal kulturan gaudenontzat baina lortu behar duguna da arnasgune hori oasi bat ez dadila izan urte guztiko desertuaren erdian”.

Bere esanetan, “instituzioek, erakundeek eta eragileek indarra jarri behar dute euskaraz ekoizten den guztia bultzatzeko, ez bakarrik saltzeko euskaraz idazten duten idazleak, euskaraz kantatzen duten musikariak edo eta euskaraz bizi diren artistak”.

Enbeitaren arabera, “azkenean oraindik ere gure herrian euskaraz lan egiteko eta euskaraz sortzeko, batez ere euskaraz sortzeko hautua egitea hautu kontzientea da eta konpromisoa da oraindik ere gure hizkuntza ez dituelako atzerriko hizkuntzak dituzten baliabideak. Hori da gure erronka, alegia, hutu hori, konpromiso hori, zerbait naturala bihurtzea”.

Gure kultura aldarrikatu eta Madrili aurre egin

Madrili begira, Onintza Enbeitak esan du “egin behar duguna dela gurea aldarrikatzea”.

Bizkaiko zerrendaburuak nabarmendu duenez, “Madrilgo gobernuari, Madrilgo alderdiei eta estatuari berari, argi eta garbi esan behar diegu guk gure kultura badaukagula”.

“Adibidez, hezkuntza legearekin beraien historia, beraien literatura inposatzen digutenean guk argi esan behar dugu guk badaukagula literatura, badaukagula historia, badaukagula herria gure umeei erakusteko”, esan du.

Hala ere, Enbeitak zehaztu du “borrokaren beste zati inportantea, hemengo instituzioek ere badaukatela”. Salatu duenez, “hemengo instituzioek txikitasun konplexua daukate Madrileko instituzioen aurrean eta askotan lehenesten dituzte hain handiak eta hainbat hizkuntzatara zabaltzen diren idazle, ekoizle edo sortzaile horiek, kontuan izan gabe gure herrian kalitatezko musika, kalitatezko literatura, kalitatezko artea eta kalitatezko kultura egiten dela”.