Donostiako Konstituzio plazan bildu dira, gaur goizean, EH Bilduko dozenaka gazte, Espainiako estatuaren “inposizioak” ez dituztela onartzen adierazteko. Inposizio horiek guztiak agerian uztekeko, ekintza sinbolikoak egin dituzte. Gotzon Elizburu Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak adierazi duenez, “40 urte dira Franco hil zela eta ia beste hainbeste euskal herritarroi Konstituzioa inposatu zigutela. Geroztik, PSOE eta PPk euren agenda neoliberalak inposatu dizkigute, gazteriaren ahotsari jaramonik egin gabe”.

Euskal gazteriak asko duela jokoan esan du Elizburuk. “Boto independentista bakoitza jokatzen dugu. Boto independentista bakoitza da inportantea Madrili ozen esateko gurekin jai dutela. Guk gure bidea egingo dugula. Gure erabakiak ez ditu beste inork borrokatuko. Inposatzaileek aurrean izango gaituzte gure erabakiak egi bihurtzeko borrokan”.

“Espainian ez da posible aldaketarik”, azpimarratu du Elizburuk. “Bere ADNa dira eskubide murrizketak eta murrizketa sozialak. Bere ADNa dira prekarietatea eta ukazioa. Independentziarako prozesua da aldaketa politiko eta sozialerako bide bakarra. Gure erabakiak hartuz egingo dugu bidea”.

“Horregatik abenduaren 6an eta 20an gazteok ere urrats bat aurrera eman behar dugu. EH Bilduren bozka oraina eta etorkizuna iraultzeko bozka da. EH Bilduri bozka, bozka errebeldea da. Inposatutako lan erreformari, prekarietateari, LOMCE legeari eta abortuaren legeari ezezko bozka. Eta erabakiaren eta independentziaren aldeko bozka”, amaitu du EH Bilduko hautagaiak.

Argazki galeria

Donostiako Konstituzio plazan bildu dira EH Bilduko dozenaka gazte, Espainiako estatuaren inposizioak ez dituztela...

Posted by Euskal Herria Bildu on Larunbata, 2015.eko Abenduak 5